Arrasateko ikastetxeetako neska-mutikoek herriko erakunde nagusian dute gaur hitzordua, udaletxean, agintariekin, gainera. 17:00etan parte hartuko dute osoko bilkura berezian.
Arrasateko ikastetxeetako ikasleez gainera, gurasoak eta irakasleak ere gonbidatu dituzte gaur arratsaldeko osokora.
Oro har, 6-16 urte bitarteko 2.000 bat ikaslek agintariei azalduko diete Agenda 21 ekimenaren barruan aurten landutako gaia (publizitatea) eta horren gainean atera dituzten ondorioak. Horrekin batera, ekimen horretan ohi dutenez, publizitateak ingurumenarekin lotuta eragiten dituen arazoendako irtenbideak ere proposatuko dizkiete agintariei.
Aurten 6. aldia da Agenda 21 ekimenaren barruan herriko ikastetxeekin lan egiten dutela.