Iraganeko kutsua duen jaia, jaio berri den elkarte batendako: Kooltur ekintza

Jokin Bereziartua Lizarazu 2010eko irailaren 20a

Elkarte berri bat sortu da Arrasaten, kultura ekitaldi ezberdinak antolatu eta gauzatzeko. Herrian hainbat urtez kulturgintzan jardun duten hainbat lagunek osatzen dute taldea eta zapatuan aurkeztuko dute gaztetxean. Aurkezpenerako herrian oso arrakastatsuak izan diren jaialdi formatua berreskuratuko dute: herriko taldeak hamarkada oso bateko musika zuzenera ekartzen, hain zuzen. Lehen 1970ko hamarkadako bi jaialdi egin ziren; orain 1980ko musikak hartuko du erreleboa. Festa bermatuta dago.

Bost taldek hartuko dute parte jaialdian: Anger Duhalde eta hapa hapa, Edukazino SKAxa, Ain_80, The Convicts eta May Stardust. Kontzertuen ostean, herrian aski ezagunak diren bi historikok musika jarriko dute: Yul eta Txitxok, hain zuzen. 22:00etan hasiko da festa eta sarrera lau euro ordaindu beharko da. 1980ko hamarkadako itxurak daramanak euro bateko deskontua izango du.

Kooltur, AGAKOrekin elkarlanean

Elkarte sortu berriak musika ekipoa erosi du AGAKOrekin batera. Ekipo horren bidez, kultura ekitaldiak egin ahal izateko erraztasun gehiago bermatu nahi dituzte: soinu ekipoa alokatzearen gastua kenduta, eskaintza bereziagoak lortu, ikusleentzat ikuskizunak merkeago eskaini eta artista horien gastuak ziurtatzea, besteak beste.

Horren harira, Kooltur Ekintza eta AGAKOren elkarlanari hasiera emanez eta bide batez erositako soinu ekipoaren kostua nolabait estaltzeko, zapatuan, irailak 25, 1980ko hamarkadako jaia egingo dute.

Azarotik aurrera 'Kooltur ostegunak' gaztetxean

Bestalde, azaroaren 4tik aurrera Kooltur Ostegunak deritzon ekimena jarriko dute abian gaztetxean: eguenero kultura ekintzak egingo dituzte. Azaroaren 4an Hertzainak taldeko Gari musikari ezaguna izango da gaztetxeko agertokian, eta hortik aurrera jarraipena izango du ekimenak. Arrasateko kultura eskaintzak beste bultzada bat jaso du, beraz.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak