Eta gainera, datu horien arabera, mota askotako jendea dago gai horrekin interesatuta,eta ez erretiratuak eta gizonezkoak bakarrik. Datuak zenbakitan begiratuta, adibidez, 30 eskaera baino gehiago egin dituzte emakumeek. Eta horien artean ere bada datu esanguratsurik. Adibidez, gazteek ere erakutsi dute interesa ortu ekologikoekiko. Emakumeen artean, 20-30 urte bitarteko 10 eskaera jaso dituzte. Eta jakina, emakume nagusi batzuk ere animatu dira izena ematen, tartean, badira bi 60-70 urte bitartekoak.
Osterantzean, halakoetan ohi den moduan, gizonezkoak dira eskaera gehien aurkeztu dutenak: ehundik gora izen dituzte Udaleko Ingurumen Sailean.
Edozelan ere, interesa dutenek oraindik badute aukera izena emateko. Izan ere, ortu ekologikoen gaineko egitasmoa geldi dago oraingoz. Hain justu ere, harik eta LKS enpresak egitasmo horren gaineko proposamen eguneratua aurkezten duen arte. Eta hori egin beharko du hil honen amaierarako.
Kontua da ortu ekologikoen proiektua 2005ean egin zuela Udalak. Haren bitartez, Udalak gura du egokitu patzela bat Garagatza auzoan, Fagor lantegiaren atzeko aldean, herritarrendako ortuak sortzeko, erretiratu, langabe eta Udalak zehaztutako irizpideen arabera, hainbat herritar talderendako. Hasierako asmoen arabera, 60 ortu inguru sortu behar zituzten Garagartzan.
Jakina, hiru urte pasa dira harrezkero eta ikusita orain arte jasotako eskaera kopurua handia dela, udal talde berriak erabaki du proiektua herriak erakutsi dituen beharretara egokitu egin behar dela.
Hala, besteak beste, ortu gehiago sortzeko egitasmoa landu gura du orain Udalak, aurreikusitakoa baino txikiagoak; hain zuzen ere, 80-90 ortu inguru sortu gura dituzte, 50-60 metrotakoak. Hori horrela eginez gero, ortuekin batera eraiki behar den aldagela-gunea ere egokitu egin beharko dute.
Horrez gainera, falta zaizkie zehaztea zein irizpide erabili behar dituzten ortuen banaketa erabakitzeko. Hau da, adibidez, eskatzaileek zein baldintza bete beharko dituzten ortu ekologiko bat eskuratzeko; ortua eskuratuz gero zenbat denborarako eskuratuko duten eta halakoak.
Eta Udala badabil horretan, izan ere, LKS enpresa dabil ortuen proiektua eguneratzen eta otsailaren amaierarako bukatuta izan beharko dute proiektu berria. Orduantxe eskuratuko ditugu xehetasun gehiago.