Isaias Carrascoren hilketa salatzeko, Arrasateko udaletxeko hainbat alderdi politikoetako ordezkariak izan dira gaur goizean udaletxe aurrean egin duten elkarretaratzean. Alderdi Sozialistako Arrasateko zinegotziez gain, Gipuzkoako batzar nagusietako presidente Rafaela Romero, edota Kantabriako justizia sailburu Jose Vicente Mediavilla izan dira bertan.
Han bildutakoek Isaias Carrascoren hilketa gaitzetsi eta haren senitartekoei elkartasuna adierazi nahi izan die. Paco Garcia: "Momentu hauetan, gure lagun eta kide Isaias omendu nahi dugu. Gure elkartasuna eta solidaritatea azaldu nahi diogu Isaiasen sendiari. Ikusi duzuen moduan, familiako ordezkari bat ere, haren koinatua, hemen izan da".
Arrasateko zinegotzi Paco Garciak gaineratu du, Isaias Carrascori egin ziezaiokeen omenaldi onena, atzo Arrasateko herritarrek euren botoarekin erakutsi zutena izan dela. "Arrasateko herriari eskerrak eman gura dizkiogu, herritarrak izan dira-eta, ETA eta bere jarraitzaileak garaitu dituztenak. Hori da Isaiasi egin zaion omenaldi onena. Zuzenbide estatuak atera da garaile, demokraziak irabazi du, eta ziur gaude berandu baino lehen, hiltzaileak justiziaren eskutan egongo direla".
Isiltasunean, 15 minutuko elkarretatzea egin dute herriko plazan bildutako ordezkari eta herritarrek.