131 korrikalariren artean Ezpeleta izan da azkarrena Santamasetako proban

Mireia Bikuña 2009ko abenduaren 20a

Emakume azkarrena Raquel Rodriguez izan zen. Bestalde, mutiletan Antxintxiketan taldeak, eta nesketan Udaletxeko Lamiak taldeak eroan zituzten koadrilendako sariak.

Erritmo gogorra

12:30ean hartu dute irteera korrikalariek Monte tabernaren alboan zaleen txalo zaparradaren laguntzarekin. Lehen metroetan herriko plaza aldera hartu dute. Ondoren, Arrasate pasealekua, Zerkaosteta, Garibai, Abaroa, Garibai, Maalako biribilgunea, Maalako Errabala, Seber Altube, Arbolapeta, Portaloia eta Herriko plaza ibilbideari lau itzuli eman behar zioten.
Antolatzaileen pistola-tiroa entzun orduko guztiek batera egin dituzte lehen metroak, baina, berehala, azkarrenak aurrean jarri dira. Lehen itzulia egin orduko Zuhaitz Ezpeletak eta Beñat Arnaizek erritmo bizia jarri diote lasterketari. Biek elkarrekin egin dute ia ibilbidea guztia. Atzetik, gainerako partaideak banaka, binaka edo koadrilaka banatu dira.
Azken itzuliaren hasieran Ezpeletak atzean utzi du Arnaiz, eta helmugara bakarrik heldu da, ikusleen txalo artean. Atzetik sartu dira Beñat Arnaiz eta Gaizka Romero.

Emakumeak eta koadrilak

Emakumeen artean Raquel Rodriguez izan da azkarrena. Atzetik aurrera egin du proba, eta azken metroetan emakume guztiak aurreratu ditu. Bigarren Ane Zabala sailkatu da.
Koadrilen arteko azkarrenak erabakitzerako orduan, talde bakoitzeko lehen bost sailkatuen denborak hartu dituzte kontuan. Hala, mutiletan, Antxintxiketan, Egunkaria libre!, eta Elorriokoa taldeak izan dira lehen hiru sailkatuak.
Nesketan aldiz, Udaletxeko Lamiak, Mabel eta Arkupekoak izan dira azkarrenak. Sari banaketa ekitaldian sari berbera jaso dute mutilek eta neskek: lehenarendako bildotsa, bigarrenarendako untxia, eta hirugarrenarendako oilaskoa.
Antolatzaileek pozik zeuden lasterketaren zenbakiekin: "19 koadrila ibili dira – lau neskenak eta 15 mutilenak–, eta 131 korrikalari –iaz baino zazpi gutxiago–. Dena den gustura gaude, sendotzen doan proba da-eta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak