PPko ordezkari ezagunak osokoan, zinegotzi berriari babesa ematen

Ubane Madera 2006ko azaroaren 27a

Gaur hartu du kargua PPko zinegotzi berriak: Eva Segovia Felgueroso. Hari babesa ematera etorri da, bestelakoen artean, Gipuzkoako batzarkide Regina Otaola eibartarra.

Eva Segovia Felguerosok gaur hartu du zinegotzi kargua. Gasteizen jaiotakoa da, 33 urte ditu eta Zuzenbide ikasketekin borrokan dabilela kontatu digu. Berez, salmenten sustatzaile bat gestionatzen duela jakinarazi digu, promozioak, zentro komertzialetan stand-ak eta horrelakoak antolatuz; eta gauez, zaindari lanak ere egiten dituela.

Arrasate ezaguna

Arrasate gaztetatik ezagutzen du. Bere aitak Eskoriatzan eta Arrasaten jakiekin lotutako denda bana izan zituen-eta. Hala, laguntzera etortzen zitzaion noizean behin.

Esan digu, gainera, gustatuko litzaiokeela Arrasaten denda txiki bat zabaltzea etorkizunean.

Oraingoz, baina, Arrasaten jardungo du zinegotzi moduan, printzipioz legegintzaldia bukatu arte, eta bere hitzetan, alderdiak nahi badu, aurrera jarraitzeko ilusioarekin.

Emakumeen boto eskubidea

Bestelakoen artean, berriz, PSE-EEk mozio bat aurkeztu du gogoraraziz aurten 75 urte bete direla emakumeek botoa emateko eskubidea dutela. Hori gogorarazteko Arrasateko Udalean zenbait ekitaldi egitea proposatu du, besteak beste. Mozioa onartu egin dute, Aralarren abstentzioarekin.

Eta gainerako puntuen artean, nabarmendu behar da, bat izan ezik, gainerakoak aho batez onartu dituztela. Hori horrela, esan genezake aspaldiko partez pleno lasaia izan dugula gaurkoa.

Alkatearen dimisioa

Hori bai, bukatu baino lehen, Itziar Lamarainek, PPko ordezkariak azkenaldian ohikoa duen moduan, Inazio Lakuntza alkateari eskatu dio dimititzeko, bere hitzetan, besteak beste, Arrasaterendako eta arrasatearrendako mesedegarria izango litzatekeelako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak