Izaskun Murgia elkarteko kideak martxoan hasi ziren ikuskizun berria prestatzen eta dena gertu dago zapatuko estreinaldirako. Biharko emanaldia 19:30ean izango da.
Dagoeneko ibilbide luzea daramate Izaskun Murgia elkarteko kideek. 2000. urtea ezkero, urtero eskaini izan dute zarzuelaren bat: La tabernera del puerto (2000), Katiuska (2001), Los gavilanes (2002), Luisa Fernanda (2003), El huesped del sevillano (2004) eta Guridiren Baserria, joan den urtean. Orain, Reveriano Soutullok eta Juan Vertek konposatutako La leyenda del beso zarzuelarekin datozkigu.
Ikuskizunean 150 lagun inguruk hartzen dute parte, abeslariak, Arrasate Musikaleko musikariak eta dantzariak tartean. Zarzuela ikuskizunak ez dira oso ohikoak gaur egun Euskal Herrian: Gipuzkoan, esaterako, arrasatearrekin batera Donostiako Sasibil elkartea da horrelako muntaiak antolatzen dituen bakarra.
Lau emanaldi
Aurreko urteotan ikusleen partetik jasotako erantzunaren ildotik, zapatuko estreinaldiak ikusmin handia piztu du: sarrerak saltzen hasi ziren egunean jende ilara handiak izan ziren Amaia antzokiko leihatilan. Lau emanaldi iragarri dituzte: zapatuan eta domekan, 19:30ean, eta hurrengo aste bukaeran ere, abenduaren 1ean eta 2an. Sarrerak egunero eskuratu ahal izango dira 15 eurotan Amaia antzokian, 18:30etik 20:30era. Emanaldi bakoitzeko 689 sarrera jarriko dituzte salgai antolatzaileek.
Orain, oihala altxatzea baino ez da falta, ijitoen musuen kondaira zertan den jakiteko.