Euskadiko Txapelketan jokatu dituzten bederatzi norgehiagoketatik bakarra galdu duen Tecnofuelle Elgoibar izango da zapatuan Ford Mugarriren kontrario (Iturripe, 17:30). Baina, Donibane Lohitzunetik morala topera ekarri du Arrasateko taldeak, eta horrek lagundu egiten du liderraren kontra partidua prestatzeko.
"Ondo jokatuta irabazi genuen Donibane Majestic taldearen kantxan, eta garaipen garrantzitsua izan da hori. Pozik itzuli ginen handik", esan digu Arrasateko entrenatzaile Bernardo Balerdik.
Arrasateko entrenatzaileari, baina, hurrengo galdera egin diogu: Zer du Elgoibarrek? "Oso talde sendoa dela. Baina, sendotasun hori ez dute titular jokatzen dutenek soilik, ordezko jokalariak ere oso onak dira-eta". Eta zer egin behar da Elgoibar mendean hartzeko? Hori bigarren galdera: "Hegaleko jokalariak ondo lotu beharko ditugu, eta baita erdilaria ere".