Oraingo asteko eguaztenean, azaroak 15ean, hasi dira Txatxilipurdi kultura elkartekoak bigarren eskuko jostailuak batzen. Jostailu Truke Merkaturako gura dituzte.
Hain zuzen ere, umeek erabiltzen ez dituzten eta egoera onean dauden jostailuak batzen dihardute, abenduaren hasierara arte. Jostailu bakoitzaren truke, txartel bana emango diote eramaileari. Gero, abenduaren erdialdean egingo duten Jostailu Truke Merkatuan, txartel bakoitza beste edozein jostailurengatik trukatu ahal izango dute eramaileek.
Auzoz auzo
Jostailuak auzoz auzo batuko dituzte. Hala, eramateko hurrengo hitzordua da azaroaren 22an, San Andres auzoan, Kurtzetxiki dorrearen azpian (Bañez Doktorea kalea), 17:00etatik 18:30era bitartean.
Uribarriko auzotarrek, berriz, azaroaren 29an dute hitzordua, Usaetxe plazan, 17:00etatik 18:30era. Eta erdigunekoek eraman ditzakete gaur, azaroak 17, azaroaren 24an edo abenduaren 1ean. Biteri plazara eraman behar dituzte, 17:00etatik 18:30ak bitartean.
Jostailuen baldintzak
Azokarako jostailuek gutxieneko baldintza batzuk bete beharko dituzte: egoera onean eta osorik egon behar dute; elektronikoak badira, pilak edo bateria izan behar dituzte; ez dituzte onartuko sexu bereizketarik edo indarkeriaren aldeko jarrerarik erakusten dituzten jostailuak eta panpinak eta ibilgailuak (autoak, kamioiak...), kopurua edozein izanda ere, txartel bakarraren truke aldatuko dituzte.
Horrekin batera, gomendatzen dute jostailu hezitzailearen alde egiteko, jostailua haurraren garapenerako tresna ezin hobea dela kontuan hartuta.
Azoka, AED-n
Merkatua egingo dute Gabonetara begira: abenduaren 15ean eta abenduaren 16an (egubakoitza eta zapatua). AEDk Pablo Uranga kalean duen lokalean ipiniko dute, 17:00etatik 20:00ak arte.
Hirugarren aldia
Txatxilipurdikoek hirugarren urtez antolatu dute azoka, bi arrazoirengatik: Gabonetan egiten den gehiegizko kontsumoa murrizteko eta jostailuen berrerabilpena bultzatzeko. Esandakoaren arabera, lehenengo urtean pattal samar ibili zen, akaso ezagunegia ez zelako, baina iaz, arrakasta handia izan zuen azokak. Gaztetxoak barik, bereziki, gurasoek eramaten dituztela jostailuak ere kontatu digute.
Bestalde, jostailua aukeratzeko orduan kontuan izan beharreko aholku batzuk ere helarazi dizkigute: jostailua dibertigarria eta haurraren interesa iratzarri eta mantentzeko gauza izan behar da; fantasia, sormena eta irudimena piztu behar ditu; haurraren hezkuntza mailara egokitu behar da eta erabilera arauak izan behar ditu, besteak beste.