Arrasateko udaleko Gazteria Sailak diruz lagunduko ditu herriko musika taldeak

Goiatz Arana Begiristain 2006ko azaroaren 16a

Azaroaren 30ean bukatuko da Arrasateko musika taldeek diru laguntza eskaera egiteko epea. Udalak 4.800 euroko diru partida du euren grabazio eta edizio gastuetara bideratzeko; bakoitzak 800 euro jasoko ditu gehienez.

Apirila ezkero Arrasateko musika taldeek aukera dute udalaren diru laguntza jasotzeko eskaria egiteko. Hiru taldek eman dute izena, eta oraindik egin ez dutenei hiru aste eskas geratzen zaizkie horretarako, azaroaren 30ean bukatuko baita epea. Arrasateko Udalak duela 16 urte ekin zion herrian musika egiten zutenak diruz laguntzeari, musika taldeen produkzioa sustatzeko helburuarekin. Ordutik urte hobeak eta okerragoak izan dira, baina guztien artetik emankorrena 96a izan zen, zortzi taldek grabatu baitzuten Arrasaten.

Gehienez, 800 euro

Aurten musika taldeei laguntzeko onartu den diru partida 4.800 eurokoa da. Hori bai, talde bakoitzak 800 euro jasoko ditu gehienera.

Edizio honetan bada berrikuntzarik, gainera: orain arte grabazio gastuak subentzionatzen baziren ere, orain aukeratu egin daitekeelako grabazio eta edizio lanen artean.

Taldekideen erdiak, Arrasatekoak

Laguntza hauek jasotzeko taldeko kideen erdiak, gutxienez, Arrasatekoak izan beharko dira, eta grabazioari edota edizioari dagozkion fakturak aurkeztu beharko dituzte. Onuradunek diruz lagundutako diskoaren bi kopia entregatu beharko dizkiote udalari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak