Herriko merkataritzako motorea bihurtu gura dute Biteri plaza berria

Jon Berezibar 2006ko aza. 6a, 09:30
Herriko baserritarrak izan ziren zapatuan Biteri plazako pergola berria estreinatzen lehenak. Urteroko herriko baserritarren azoka egin da zapatu honetan eta horrekin batera plaza eta aparkaleku berriak inauguratu zituzten.

Itxaropen eta asmo ugarirekin ireki zen zapatuan gunea eta bertan izan ziren udal ordezkariez gain Ibai Artekoak –Arrasateko erdialdeko merkatarien elkartea– ere. Hain justu, haien nahia da eta gune berria herriko merkataritza sustatuko duen motorea izatea. Horretarako aparkaleku abonuak oparitzeko kanpaina abiarazi berri dute.

Baserritarren eguna

Sustapena ere, baina kasu honetan herriko baserritarrena, egon zen zapatuko azokan. Urtero moduan jendearen joan-etorria etengabea izan zen. Guztira, Arrasateko baserrietako hamar ordezkari egon ziren zapatu eguerdiko azokan. Denetarik ekarri zuten gainera, produktu orokorrak, lore siku edota txerrikiak ere. Oro har, garaiko jakiek izan zuten arrakasta.

Baserritarrak pozik zeuden batutako jendearekin eta izandako harrerarekin baina leku berriari buruzko inpresioak bestelakoak izan ziren.

Herriko azoka zabaltzea

Biteri plazako pergolak izango duen erabilera nagusia azoka gunearena izango da, Inazio Lakuntza alkateak azaldu moduan "gaur egungo azoka zabaltzea da nahia eta horretarako Biteriko plazako tokiak lehiaketa publikora irtengo dira. Alkateak azaldu zuenez, printzipioz barazki eta fruta postuak eramango dituzte pergola berrira. Azokaren zatitze horrek iritzi kontrajarriak eragin ditu, batez ere baserritar eta merkatarien artean.

Betiko azoka nahiago

Izan ere, pergolaren kokapena askok egokitzat jotzen badute ere –herri erdian dago, aparkalekuarekin– azoka bitan egiteak kalte egingo diela diote beste batzuek. Izan ere, gaur egun Seber Altube kalean dagoen udal azokak barruan harategi, arraindegi eta antzeko dendak ditu eta herritar asko azokara joaten dira bertan baserritarrak eta bestelako dendak daudelako. Hala, baserritar zein azokako merkatari askok uste du batzuek besteek gabe ez dutela biziraungo. Hori dela eta, gune berriaren benetako erabilpena zalantzan jartzen dute askok. Gainera, zapatuan bertan, baserritar gehienak kexatzen ziren pergolak duen babesik ezaz, "hotza, beroa edo euria egiten duenean ez da hori egoteko lekua, hormarik ez duelako". Hala ere, Udalak oraindik ez ditu postu berriak lehiaketara atera eta egitasmo berriaren inguruko erabaki zehatzik ez da jakin.

Alkateak, era berean, inaugurazio ekitaldian agertu zuen pergolak erabilpen ugari izango dituela: aisialdirako, azoketarako edota kanpoan egin nahi diren ekintzetarako.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak