Besaide Mendi Elkarteak hiru irteera antolatuko ditu neguari ongietorria emateko

x.u. 2006ko aza. 3a, 12:51
Poliki-poliki, geroago eta gertuago dugu negua, baina hori ez da Besaiderendako oztopo. Eta hori erakusteko, azarorako hiru mendi irteera antolatu dituzte, izan ere, abendutik aurrera elurretan egiteko kirol jarduerak nagusituko dira.

Hala, Besaide MTB taldekoek Urbasan igaroko dute oraingo asteburua, mendiko bizikletekin. Bihar goizean irtengo dira (09:00etan Garibaiko geltokian), eta domekan itzuliko dira Urbasatik, 17:30ak aldera. Besaidekoek irteera horretan izena eman dutenei gogorarazi gura diete kaskoa eramatearekin batera lo egiteko zakua ere eramatea, eta baita zapaturako eta domekarako bazkaria ere.

oinezkoen irteerak

Mendiko bizikletako irteerarekin batera Besaidek beste bi irteera antolatu ditu, oinez egiteko. Azaroaren 12an Aztiria eta Arantzazu banatzen dituzten kilometroak egingo dituzte. Irteera horretan izena eman gura duenak datorren astelehenetik (hilak 6) eguenera arte (hilak 9) izango du aukera, Besaideko egoitzan.

gazte ekintzen irteera

Eta datorren azaroaren 25eko eta 26ko asteburuan egingo dute gazte ekintzen barruan mendi irteera. Besaidekoek oraingoan Aralar aukeratu dute, eta animatzen diren gazteek bertan igaroko dute asteburua.

Lizarrustiko aterpetxean igaroko dute zapatu gaua, eta antolatzaileek esan digute, izena ematen duen jendearen arabera erabakiko dutela asteburua zelan antolatu. Aukera falta ez dute izango, buruan dute-eta Txindoki igotzea, Hirumugarrietara joatea, Larraitzetik Lizarrustira arteko zeharkaldia egitea... Aurrerago erabakiko dute hori. Hala, azaroaren 20an eta 21ean eman ahal izango da irteera horretarako izena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak