Arrasateko baserriak promozionatzeko azoka da zapatuan

Ubane Madera 2006ko aza. 2a, 19:19
Goizetik 14:00ak ingurura arte izango dira saltokiak Biterin, ezustekorik ezean; eta egun bera aprobetxatuko dute Biteri plaza eta parkinga inauguratzeko.

Arrasateko hamar baserritako ordezkaritza etorriko da azokara. 09:00etan ipiniko dituzte saltokiak, 14:00ak arte. Honako hauek, hain justu ere: Musakolatik, Aranguren (ogia) eta Egihandi (txakolina); Uribarritik, Ikutixo (ortuko produktuak) eta Gorostiza (lora sikuak); Bedoñatik, Artazia, Etxebarri eta Bidasoro (baserriko produktu orokorrak) eta Errastikua (produktu orokorrak eta gozoak); Gesalibartik Enuzketa Aldekoa (denetik) eta Meatzerrekatik, Mietza (produktu orokorrak).

Sasoiari begiratuta, beraz, azak, intxaurrak, urrak, zarbak, porruak, frutak, gaztainak… erosi ahal dira zapatuko azokan. Txerrikiak ere bai. Hain zuzen ere, horiexek izaten dira, erosleen ikuspuntutik, preziatuenak.

Baserria goraipatzeko

Laugarren aldiz antolatu du Udalak Arrasateko Baserriko Produktuen Azoka. Antolatzaileetako batek, Marga Garmendiak azaldu digu helburua dela "promozionatzea eta ezagutzera ematea hemen ekoizten diren produktu onak. Eta egun batez bada ere, gura dugu goraipatu edo nabarmenduk Arrasateko baserriak".

Biteri plazaren inaugurazioa

Udalaren asmoa da zapatuko azoka Biteri plazan egitea; baina hori egin ahal izatea plazako obren menpe dago. Hala, ikusten badute oso zaila dela guztia azokarako gertu izatea, Seberrera eramango dituzte saltokiak.

Horren harira, zapaturako dago aurreikusita baita ere, plaza hori eta lur azpiko aparkalekua inauguratzea. Hitzordua da 13:00etan, Biteri plazako pergolan. Han izango dira Ibai Arte merkatarien elkarteko presidente Angel Alonso, Inazio Lakuntza alkatea eta aparkalekua kudeatzen duen Bikani enpresako ordezkariak. Dantzariek eta txistulariek eta Arrasate Musikalek saioak egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak