2002an ekin zioten elkarlanari Arrasateko Euskalgintza osatzen duten 14 partaideek, eta lau urterako Plan estrategikoa diseinatu zuten. 2006ko ekainean, denbora tarte horretan egindako ibilbidearen lehen balorazioa egin zuten, eta aurrerantzean ere elkarrekin jarraitu gura zutela erabaki zuten. Behin hori adostuta, aurrera begira zer eta nola egin nahi duten erabakitzea da hurrengo urratsa, eta horretan dihardute orain.
Aukerak, mehatxuak, indar-guneak eta ahuldadeak identifikatzen ari dira, zein egoeratan dauden eta egungo helburuak zeintzuk diren aztertzen.
Zapatuan lehen saioa egin eta gero, Itxaro Artola dinamizatzaileak adierazi du beste pare bat gutxienez beharko direla; azaroan eta abenduan beste bana egitea da asmoa. Horien ondotik, ezagutaraziko dituzte Arrasateko Euskalgintzaren asmo berriak.