Gobernuaren erabaki bati aurre egiteko emendakina adostu du oposizioak

Ubane Madera 2006ko urr. 30a, 12:38
Ezusteko larregi ez da egon urriko osokoan, baina bai aipatzekoak diren lau puntu. Horietako batean, oposizioa elkartu egin dela gobernuak hartutako erabaki bati aurre egiteko.

Hain justu ere, Aspace elkarteak egindako lokal eskaerarekin lotuta, oposizioak (PSE-EE, EB, PP, Aralar eta Talde Mistoa) adostu du emendakin bat, gobernuaren erabaki baten kontra.

Kontua zera da: gobernuak erabakita zeukan iaz Aspaceri 1.000 metro koadroko lokala doan lagatzea Zerrajerako etxeen azpiko lokaletan, egoitza eta eguneko zentroak han ipintzeko. Baina, Aspacek, geroago, beste 400 metro koadro inguru gehiago eskatu zituen. Horren aurrean, gobernuak erabaki zuen 1.000 metro koadro doan lagatzea eta gainerakoak, berriz, merkatuan dagoen prezioan saltzea, 540.000 euro ingurutan, hain justu ere.

Bada, oposizioaren emendakinaren bitartez, proposatu dute Aspaceri doan uztea eskatutako metro karratu guztiak. Azkenean, EAJren eta EAko hiru zinegotzietatik biren abstentzioarekin, eta gainerako alderdien aldeko botoekin onartu egin dute emendakina. Beraz, Aspacek eskatu dituen metro koadro guztiak eskuratuko ditu.

Zerrajerako etxeak

Bestalde, Foment Inmobiliarik (La Caixarena) eraiki behar dituen Zerrajerako etxebizitzak direla-eta, udalbatzarrak desestimatu egin du adjudikazio horren kontra Ezker Batuak ipinitako berraztertze errekurtsoa. PSE-EE, EAJ, EA eta Aralarren (14 boto) aldeko botoekin eta EB, PP eta Grupo Mixtoaren kontrakoekin (5) onartu dute errekurtsoa desestimatzea.

Horren aurrean, Ezker Batuak salatu du ez dietela erantzun gai horren gainean egin dituzten galderei. Salatu dute, baita ere, Visesari esleitu beharrean, Foment Inmobiliariari adjudikatzearen ondorioz, herritarrek gehiago ordaindu beharko dituztela etxebizitza horiek. Eta jakinarazi dute Administrazioarekiko Auzietako Salara jotzeko aukera badagoela kontu hori salatzen jarraitzeko, baina epaia ateratzeko bost urte beharko liratekeela, hortaz, alferreko lana izanda, ez dutela bide hori segituko.

Biteriko tarifak

Hirugarrenik, gaur onartu dituzte 2007an indarrean izango diren prezioak. Puntu horretan, EAko Jabier Nafarrate zinegotziak salatu du Laubideko aparkalekuarekin konparatuta, Biterin ordubetez egotearren, erabiltzaileek ia bikoitza ordaintzen dutela eta herritarren kexuak izan direla. Azkenean, baina, tarifak bere horretan onartu dituzte.

PPkoaren dimisioa

Eta bukatzeko, goizeko batzarrean gauzatu da Antonio Palacios zinegotzi popularraren dimisioa. Haren ordezkoa izendatzeko hauteskunde batzorde zentralak onespena eman behar du orain, baina tramite kontuak dira horiek. Horrenbestez, gaur agurtu da 11 urtez PPko zinegotzi izan den Antonio Palacios.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak