Arrasateko supermerkatu batean 5.000 euro inguru lapurtu dituzte

Irati Agirreazaldegi 2006ko urriaren 30a

Zarauzko komisaldegiko agenteek 34 urteko M.D.E.A. eta 30 urteko T.B.V. emakumeak atxilotu zituzten atzo, Arrasateko supermerkatu batean 5.000 euro lapurtzea egotzita.

Susmagarriak merkataritza guneko bulegoetara sartu ziren eta segurtasun kutxan zegoen dirua hartu zuten.

Zapatuan, arratsaldeko bostetan, Ertzaintzak Arrasateko supermerkatu batean lapurreta bat gertatu zela jakin zuen. Egileek Citroen Xsara batean ihes egin zuten, eta 17:30ak aldera A-8 autobidean,Zarautzen, ikusi zituzten.

Turismoaren barruan (kopilotuaren eserlekuaren azpian) poltsa bat aurkitu zuten 13.667 eurorekin, eta emakumeek ez zuten diru horren jatorriaren azalpen zentzudunik eman. Hori ikusita, M.D.E.A. eta T.B.V. atxilotu zituzten lapurreta egitea egotzita.

Ertzaintzaren arabera, "emakumeak supermerkatuko bulegoetara sartu ziren eta kutxa gotorretik 5.000 euro lapurtu zituzten. Langile batek ezustean harrapatu zituen eta susmagarriek autoan alde egin zuten".

Bergarako Komisaldegian ikertzen ari dira emakumeek zituzten beste 9.000 euroen jatorria zein den.

Atxilotuek aurrekari penalak dituzte. Ertzaintzak M.D.E.A. zazpi aldiz atxilotu du, eta T.B.V. hiru aldiz.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak