Biteri aparkalekurako bonoak banatuko dizkiete herriko dendariek bezeroei

Monika Belastegi Aranzabal 2006ko urr. 30a, 09:31
Ibai Arte, Arrasateko dendarien elkartea bezeroen artean Biteriko aparkaleku berrirako bonoak banatzen hasiko da erosketekin batera. Ordubeteko bonoak izango dira eta modu horretan bezeroek eurengan jartzen duten konfiantza saritu nahi dute. Ekimena azaroaren 4an jarriko dute abian eta urtarril bukaera arte iraungo du.

Udalak ere hartuko du parte ekimen horretan. Bera egingo da ekimenaren kostuaren %25aren kargu; aparkalekuaren kudeaketaz arduratzen den Bikani SL enpresak %25 hartuko du beregain eta Ibai Arte gainontzeko %50az arduratuko da.

Udaleko iturriek azaldu dutenez, garatzen ari diren sentsibilizazio kanpaina baten barruan kokatzen da ekimena: "Lortu nahi duguna da herritarrak sentsibilizatzea komertzio txikien bizirautea zein garrantzitsua den herriarendako, herriaren bizi kalitaterako", esan zuen Marga Garmendiak, Udaleko Garapen Estrategikoaren Saileko teknikariak.

Herriko merkataritza txikia sustatzeko ahalegin honetan aparkalekuak erabateko garrantzia duela ere gehitu zuen. Batik bat, Biteri bezala herriaren erdigunean dauden aparkalekuek. Herriko merkataritza txikiaren etorkizunarekin kezkatuta, Ibai Artek eta Udalak hainbat batzar egin dute eta baita haren aldeko jarraipen mahaia eratu ere. Hortxe, hain justu, erabaki dute kanpaina abiaraztea.

Biteri aparkalekua

Biteri aparkalekua zabalik badago ere, inaugurazio ekitaldia azaroaren 4an egingo dute. Horrekin batera, aparkalekuaren gaineko Biteri plaza ere egun horretan inauguratuko dute. Inaugurazioak, gainera, bat egingo du Arrasateko Baserriko Produktuen Azokarekin. Eta azoka, aurten, Biteri plaza berrian egingo dutela aurreratu du Garmendiak, 09:00etatik 14:00ak bitartean. Bestalde, Ibai arte dendarien elkarteak ere hartuko du parte aurtengo azokan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak