Presoen eskubideei babes handia

Goiena 2006ko urr. 27a, 11:32
Atzo, urriak 26, prentsaurrekoa egin zuten presoen egoera zein den azaltzeko. Jende ugari elkartu zen Uharkapen. Besteak beste ekimen honekin bat egin dute Ruper Ordorikak, Xabier Letonak, Juan Carlos Bengoak, Eskoriatzako alkateak, Antxon Mendizabalek, Evaristok, Aitor Lopez Rekartek eta Olatz Pagaldai aktoreak.

Joan den astetik, 12 pertsona gose greba egiten ari dira Uharkape pilotalekuan euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko. Grebalarien ustez, gaixotasun larria duten 6 preso kalean egon beharko lirateke. Eta gaineratu zuten, beste 160 preso euren zigorraren 3 laurdenak beteta ere, aske egon beharko liratekeela.

Gure Ibarrari dagokionez, Josu Uribetxebarria arrasatearraren egoera aipatu zuten. Grebalarien hitzetan, duela 2 urte minbizia diagnostikatu zioten eta giltzurrun bat kendu zioten. Orain Langraitzeko erietxean dago.

Bestalde, Jon Agirre aramaioarraren kasua ere aipatu zuten. Agirre larri gaixorik dago, 25 urte bete ditu espetxean eta 64 urterekin oraindik preso jarraitzen duela salatu zuten. Horrez gain, zigorraren 3 laurdenak beteta dituzten presoen zerrenda ere luzea dela gaineratu zuten. Ondorioz, grebalariek adierazi zutenez, presoen egoera honek ez dio bake prozesuari onik egiten eta presoekin xantaia politikoa egiten ari direla salatu zuten.

Hiru aldarrikapen nagusi

  • Gaixo dauden presoak aske uztea.

  • Zigorra bete duten presoak kaleratzea.
  • Presoen eskubideak errespetatzea.

Gose greba bihar, urriak 28, amaituko dute gure ibarrean, eta Lea Artibaiko eskualdeari pasako diote lekukoa. Izan ere, eskualdez eskualde, Euskal Herri osoan egingo dute Gose Greba ibiltaria. Bihar, ekimen honekin amaitzeko, manifestazioa egingo dute 18:00etan Uharkape pilotalekutik abiatuta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak