Kultura etxe berria herritar guztiendako zabalik gaurtik aurrera

Goiena 2006ko urr. 26a, 13:35
Atzo, eguaztena, izan zuten Arrasateko zinegotzi eta politikariek kultura etxe berria barrutik ezagutzeko aukera. Eraberritze lanen emaitzak ikusi ahal izan zituzten politikariek eta baita areto eta gela bakoitzaren erabilera zein izango den ere. Gustura irten ziren denak ere kultura etxe berriarekin, baina proiektua aurrera ateratzeko moduak kritika bat baino gehiago jaso du. Gaurtik aurrera, berriz, herritar guztiek bisitatu ahal izango dute; txanda eskatu beharko da horretarako.

Juan Jose Ugarte eraberritze proiektuaren ardura izan duen arkitektua izan zen Arrasateko agintarien gida kultura etxera egindako bisitan. Oraindik ere hutsik dauden geletan barna ibili ziren, esparru bakoitza zertarako erabiliko den jakinaz, eta proiektuaren puntu garrantzitsuenak ezagutuaz.

Bisita bukatzean, alderdi politiko ezberdinetako ordezkarien iritziak bat zetozen; lanek merezi izan dutela esan zuten guztiek.

Hasiera baten aurreikusitako aurrekontuaren eta bukaerakoaren arteko aldea da begi txarrez ikusten duten puntuetako bat.

Arrasateko alkateak, lanak burutu bitartean agertutako ezusteko arazoei egotzi die aurrekontuaren igoera. Eta behin proiektua guztiz bukatuta dagoenean, kontu ikuskaritza edo auditoria bat ere agindu du dena lege barruan egin dela erakusteko.

Bisita gidatuak

Gaur agintarien txanda izan bada, bihartik aurrera hiritar orok izango du kultura etxe berria ezagutzeko aukera, taldeka edota bakarka, eta Arantzazu Otaduy historialaria gida izango dutela. Horretarako, hori bai, Biztanleen Arreta Zerbitzuan eman beharko dute izena interesatuek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak