Autopistaren eztandaren ondorioz 60 salaketa jarri dituzte ertzain-etxean

Ubane Madera 2006ko urr. 20a, 10:20
Eibar-Gasteiz autobideko lanetan izandako eztandaren kalteak kontabilizatzen jarraitzen dute oraingo astean. Kaltetuak dabiltza Bergarako ertzain-etxean salaketak ipintzen (943 53 47 20 telefonoan edo bertara joanda).

Goienkarian batutako azken datuen arabera, (eguaztenean), 60 salaketa zeuden ipinita: "Gehienak dira automobiletan eragindako kalteen gaineko salaketak; teilatuetan eragindako kalteengatik ere izan dira batzuk eta baita establezimenduetan eragindako kalteengatik ere", hala adierazi digute ertzain-etxeko argiketa sailetik. Zera ere gaineratu digute. "Salaketa gehienak joan den astean jaso genituen; oraingoan, gutxi batzuk gehiago jaso ditugu".

Bestalde, azaldu digutenez, salaketa ipini eta berehala atestatua zabaltzen dute eta hori guztia Bergarako epaitegira bidaltzen dute gero. Hortik aurrera, istripu gehienetan gertatzen den moduan, aseguru etxeak arduratuko dira kalte-ordainak emateaz, perituek egindako azterketaren ostean.

Lasaitasun mezua

Horren harira, AP1 autobidearen ardura duen Bidegik lasaitasun mezua helarazi gura diete kalteren bat jasan zutenei: "Kalteren bat izan dutenen artean, inor ez da kobratu barik geratuko, denetariko aseguruak ditugu-eta; beraz, lasai egon daitezela. Bestalde, nabarmendu beharra dago istripu hori oso ezohiko gertaera dela; hau da, oso-oso gutxitan gertatzen direla halakoak", adierazi du Bidegiko bozeramaile Oskar Recaldek. Kalte ordainak noiz kobratuko dituzten, berriz, ezin izan digu zehaztu, "hori aseguruen esku egoten da-eta".

Batzar orokorretara

Horrez gainera, jakinarazi digu istripuaren gaineko argibideak ematera joango direla Bidegikoak Batzar Orokorretara "logikoa den moduan, legebiltzarkideei esplikatu behar diegu gertatutakoa. Laster izango da hori, aste bi barru-edo".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak