Ziega bat ipiniko dute Seberren, Gabonak arte

Ubane Madera 2006ko urriaren 19a

Egubakoitzean hasi eta Gabonak arte, astebururo ziega bat ipiniko dute Seberren. Portaloira Elkarteak bideratutako ekimena da, presoen eskubideak aldarrikatzeko. Bigarren eskuko azoka antolatzen ere badabil.

Presoen eskubideen aldeko Ibaetako dokumentua oinarri hartuta, astebururo egoera jakin bat irudikatzea da ekimenaren antolatzaileen asmoa.

Hala, oraingo asteburuan osasun egoera larrian dauden presoen egoera salatuko dute. Horretarako, ziega barruan pertsona bat izango da eta kanpoan, berriz, gaiarekin zerikusia dutenek informazioa banatuko diete herritarrei: medikuek, masajistek eta halakoek.

Hurrengo asteburuan, berriz, salatuko dute zigorra beteta duten presoen egoera. Kasu horretan, esaterako, abokatuek lagunduta banatuko dute informazioa.

Azken batean, presoen egoera salatu eta haien eskubideak aldarrikatzeaz bat, helburua da presoen gaia gizarteratzea.

Bigarren eskuko azoka

Bestalde, elkartetik jakinarazi digute bigarren eskuko azokarako jantziak batzen hasi direla. Jantziak eta osagarriak Iluntz edo Irati tabernetara eraman behar dira, azaroaren 30a baino lehen.

Azoka, berriz, abenduan ipiniko dute, presoen alde lanean dabilen Portaloira Elkartearendako dirua batzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak