Kultura etxera bisitak egingo dituzte

Goiena 2006ko urr. 17a, 12:11
Obrak bukatzear daude eta eraikin dena dago berrituta. Hala, kultura etxearen eraikin berritua bere osotasunean herritarrei erakusteko aprobetxatu nahi dute bisita gidatuak antolatuz.

Kultura Sailak Tokiko Gobernu Batzarrean atzo, urriak 16, egin zuen bisitak antolatzeko proposamena. Baiezkoa jaso zuen, beraz, egitasmoak aurrera jarraituko du.

"Orain, eraikina jantzi barik dagoela, bazter guztiak bere osotasunean ikus daitezke eta horixe da herritarrei erakutsi gura dieguna. Izan ere, gero, ekipatuta dagoenean zenbait espazio herritar guztiek ezingo dituzte ikusi, gure bulegoak esaterako, edo liburutegiaren gordailua", azaldu digu Kultura teknikari Jon Garaik. "Eta modu horretan, azken lau urteotan egindako lana ikusiko dute".

Bisita gidatuak

Lehenengo, udal agintariek bisitatuko dute kultura etxea. Hurrengo astean izango da hori, urriaren 25ean. Herritarrek, berriz, hurrengo egunetik aurrera izango dute eraikina bisitatzeko aukera. Bi modu daude horretarako: egin daitezke bisita indibidualak edo taldekoak.

Bisita indibidualak egiteko txanda hartu beharra dago. Biztanleen Arreta Zerbitzuan (BAZ) egin behar da hori, astelehenetik hilaren 23tik, aurrera. Arantza Otadui historialari arrasatearrak gidatuko ditu bisitak, "asko jota 20 laguneko taldeak antolatzea aurreikusi dugu. Bisitei dagokienez, berriz, hiru ordu laurdenekoak izango direla aurreikusi dugu", esan digu Jon Garaik, "hasieran ikus-entzunezko proiekzio bat emango dugu. Eraikinaren erabilerak historian zehar, obren nondik norakoak ikusiko ditugu eta horren ostean espazioak bisitatuko ditugu. Esaterako, liburutegian espazio ikaragarria irabazi dugu eta kalistroak ikusgarri geratu dira, guk buruan dugun irudiarekin konparatuz".

Horrez gainera, herritarrek euren iritziak helarazi ahal izango dituztela ere kontatu digu Jon Garaik, "aukera emango zaie-eta iradokizunak egiteko".

Herriko taldeei dagokienez, berriz, Udala ipiniko da harremanetan haiekin eta hitzordua orduan lotuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak