Sasoi onean daudela erakutsi zuten Gipuzkoako erretiratuek Arrasaten

Goreti Elortza 2006ko urr. 16a, 10:56
Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen Elkarteak urtero antolatzen du Erretiratuen Martxa. Aurtengoa Arrasaten ospatu zuten zapatuan. 8'5 kilometroko ibilaldia egin zuten Gipuzkoa guztiko bailaretatik etorritako 620 erretiratuk eta sasoian daudela argi utzi zuten, beste behin.

10:30ean elkartu ziren Laubide plazan Gipuzkoako erretiratuak martxari hasiera emateko. Miguel Rubio, Gipuzkoako Batzordeko presidenteak eta Jose Riviere Debagoieneko buruak 155 taldeak deitu zituzten eta lauko taldetan XVI. martxari hasiera eman zioten umore onean. Laubide plazatik San Andres auzorantz joan ziren eta gero Arimazubira. Han zegoen martxako lehenengo kontrola. Erretiratuek euren txartela erakutsi eta zigilua jarri zieten antolatzaileek. Ondoren Monterronerantz abiatu ziren martxa onean 155 taldeak. Han hamaiketakoa eman zieten bigarren kontrolean. Fruta, ura, fruitu lehorrak...denetik jan zuten gustura parkean.

Indarrak hartuta, eta Arrasateko kolorea soinean, berriro ekin zioten bideari Monterronetik Musakolako kiroldegiraino. Baina ez zen ibilbidea han bukatu. Erreka ondotik eta ospitale aurretik igaro eta Monterronerantz jo zuten berriro. Han hirugarren kontrolean zigilua jarri eta berriz kiroldegira. Han merezitakoa jaso zuten: bazkaria.

Bazkaria kiroldegian

14:30ean bazkaria egin zuten Musakolako kiroldegian 650 lagunek. Ibilaldia egin ondoren, gustura asko hartu zuten lekua bailaraka antolatutako mahaietan. Bazkaltzen hasi aurretik, ibilbidea egitera animatu ziren Udaleko zinegotziek eta Esther Larrañaga eta Jose Luis Madrazo Foru Aldundiko Gizarte Politikarako ordezkariek hainbat trofeo banatu zituzten. Abaroa Elkarteak, Gipuzkoako Elkarteak eta partehartzaile beteranoenek jaso zuten saria.

Esther Larrañagak laukote beteranoena osatzen zuen kideei plaka bana eman zien: Beasaingo laukoteak 346 urte batzen ditu. Jose Mugika 96 urteko debagoiendarrak eta Amelia 83 urteko donostiarrak ibilaldiko nagusienak izatearren ere jaso zuten trofeoa, besteak beste.

Auzolagunek prestatutako menuan, pudinga, Tolosako babarrunak, oilaskoa, entsalada...izan zituzten partehartzaile eta antolatzaileek. Bazkalostean Fagorrek emandako opariak jaso zituzten eta dantzaldia izan zuten.

Datorren urtean Azkoitian ospatuko da Erretiratuen XVII. Martxa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak