Maritxuk Abiadura Txikiko Trena ekarri zuen Arrasatera

Goreti Elortza 2006ko urr. 9a, 10:36
Maritxuk ekologisten aldekoa dela argi utzi zuen egubakoitzean egindako mirariarekin. AHTaren kontrako trena azaldu zen plazan eta zerutik mezu bat bota zuen Maritxuk, naturaren aldekoa.

19:30erako Arrasateko plazara jende asko ari zen hurbiltzen eta 19:45erako plaza eta ondoko kale guztiak jendez gainezka zeuden, mirariaren zain. Gazteek betetzen zituzten lehenengo ilarak. Jende asko ikus zitekeen dotore jantzita, adin guztietako jendea. Hala ere, jantzi dotorea gauean bakarrik janzten dutenak ere asko dira. Eta heldu zen Maritxuren miraria, eta berezia izan zen oso. Iragartzen zuen eskapularioko marrazkiak zerbait aurtengoan...

Arrasateko banda jotzen hasi zenean tren bat sartu zen plazan, AHTaren kontrako kartelekin. Abiadura Txikiko Trena ekarri zuen herrira aurten mirariak. Erdiko Kaletik poliki-poliki sartu zen plazara ATT. Segidan, zerutik papertxo batzuk bota zituen Maritxuk. Hauetan, Beste abiadura batean bizi nahi dugulako, AHTrik ez! mezua jartzen zuen. Mirariarekin argi gelditu zen Maritxu ez dagoela Euskal Y-aren proiektuarekin batere ados. Ekologisten alde agertu zen egubakoitzean txikiteroen zaindaria. Herriarentzat trena nahiko luke Maritxuk, baina herria puskatu gabe.

Plaza guztiak gogoz abestu zion Maritxu nora zoaz bere zaindariari. Barrutik eta kanpotik bustita, lehenengo ilaretan bultzakadak izan ziren nagusi.

Eskapularioak saltzen

Komisiokoek hiru gune desberdinetan jarri zuten eskapularioak saltzeko mahaia; plaza ondoan, arbolapetan eta Seber Altube plazan. 1,5 euroko salneurrian ehunaka saldu zituztela esan zigun komisioko kide batek. "Trajearekin batera joan behar du eskapularioak. Ohitura handia dago herrian".

Gainera, aurten, garrantzi berezia izan du eskapulario atzean marraztutako irudiak eta ondoan zegoen esaldiak. Sagu bat ageri zen Udalaitz jaten, eta Harrobi eta zuloekin dirudizu gaztaia, guk nahiago dugu natura eta jaia! zioen ondoko esaldiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak