Ibaetako Foroko manifestua babestu duten eragileek mozio bat aurkeztu dute udalean

Arrasateko eragile ugari atxiki zaio euskal preso politikoen eskubideak bete daitezela eskatzen duen Ibaetako Foroko manifestuari. Bada, orain, atxikimendu horiekin udalera joan dira, babes bila. Mozioa aurkeztu dute, eta asteleheneko osoko bilkuran eztabaidatuko dute gaia.

2005eko azaroan, hainbat eragile sozial eta sindikatuk euskal preso politikoen eskubideak bete daitezen eskatzeko, dokumentu bat landu eta sinatu zuten Ibaetan, kolektibo horrek jasaten zituen eskubide urraketengatik kezkatuta. Orduan hasi eta uda bitartean, dokumentu hori herriratzen aritu dira Arrasaten, Portaloira Topaguneko kideak. Herriari presoen egoera zein den azaldu diete, eta asko izan dira euren babesa adierazi dietenak.

Iñaki De Juanaren egoeraz kezkatuta

2005eko azarotik hona egoerak okerrera egin duela diote, eta euskal preso politikoak txanpon truke gisa erabili nahi dituzten gobernuen gatibu direla. Iñaki De Juanaren egoerak kezkatzen ditu gehien, nahiz eta 45. greba egunean presoa elikatzen hasi diren medikuak Espainiako Auzitegi Nazionalak kaleratutako autoak agindutakoa betez. Portaloira Topagunetik dei egin diete herritarrei ahal duten heinean laguntzeko.

Arlo guztietako jendeak bat egin du

Kirol, lan, irakaskuntza edota euskalgintza alorretako jendeak egin du bat Ibaetako Foroko dokumentuarekin eta orain udalaren babesa lortzeko ahaleginean dabiltza. Mozioa aurkeztu dute jada, eta asteleheneko osoko bilkuran eztabaidatuko dute gaia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.