La Merced ikastetxeko haur-eskolako sei irakasleak kalera joango dira

Goiena 2006ko ira. 21a, 10:13
Ordu gehiago lan egitea eta diru gutxiago irabaztea proposatu die enpresak, egoera ekonomikoa txarra dela esanda. Irakasleek ez dute eskaintza onartu eta kalera joango dira hilaren 29an.

Kontratu aldaketa proposatu zieten

Kontratu aldaketa proposatu zieten

Irailaren 4an hasten zuten ikasturtea Arrasateko La Merceden, eta hiru egun lehenago bilera batetara deitu zituzten haur-eskolako sei irakasleak. Ikastetxearen egoera ekonomikoa txarra zela eta zulorik handiena haur-eskolan sortzen zela esanda, kontratua aldatzea proposatu zietela kontatu digute: "lehen maisu/maistra kontratua eta soldata genituen, eta proposatzen ziguten tekniko kontratua egitea. Horrek suposatzen zuen hilean 560 euro gutxiago irabaztea eta astean sei ordu gehiago lan egitea."

Silvia Ezpeletak kontatu digu, hori entzunda, borroka egitea planteatu zutela baina ez zutela gainerako lankideen babesik jaso; sindikatutik saiatu zirela beste akordio batetara heltzen baina ez zutela lortu; eta gerora zuzendaritzak sei langiletik lauri bigarren eskaintza bat egin zieten arren ez zutela onartu.

Lankideekin arazoa

Hala, kalera joateko erabakia hartu zuten denek. Indemnizazioa jaso eta paroa kobratu ahal izateko, ordea, ezinbesteko baldintza da hilaren 29ra arte lanean jarraitzea. Bien bitartean, irakasle berriak etorri dira eta ikasten ari dira. Arazoa, baina, gainerako lankideekin daukatela dio Silvia Ezpeletak; bere esanetan, zuzendaritzak lortu du langileen arteko harremana haustea, eta egoera horretan lan egitea ezinezkoa dela dio: "Egoera honek ez ditu, oraingoz behintzat, gainerako lankideak ukitu, eta gure kontra jarri dira. Ulertzen dugu beldurra izatea, baina ez gu horrela gorrotatzea. Gu gurea defendatzen besterik ez gara ari."

Ezpeletaren hitzetan, gurasoak ere nahastuta daude, baina azken momentura arte jaso dute euren babesa.

Berandu esan dietelako haserre

Irailaren 29an kalera joango dira, beraz. Baina irakasle talde hau haserre dago oso, azken unean abisatu dietelako: "Hau guztia enpresak uztailetik zekien, eta horregatik gaude haserre, orduan planteatu izan baligute irakaskuntza publikoan plaza hartuko genuelako. Jada, galdu ditugu plazak, eta orain kalera goaz. Gurasoak ere eskuak harrapatuta daude."

Ikastetxeko arduradunek adierazi dute ez dutela ezer esateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak