Presoen eskubideak xantaia bezala erabiliak ez izateko eskatuz kale agerraldia egin zuten

"Preso politikoei ezartzen zaizkien salbuespen neurriak eta kalera irtetear dauden presoak kartzelan geratzeko edonolako gezurrak" salatzeko, egubakoitzean kale agerraldietara batzeko Euskal Herri osorako dei egin zuen Etxerat taldeak. Hain zuzen ere, Arrasaten Seber Altube plazan egin zuten bateratzea.

Bizi arteko kartzela zigorraren aurka, justiziak euskal preso politikoen aurka hartutako neurriak gaitzetsi –erredentzioak, baldintzapeko askatasunaren ukazioa, akusazio berriak asmatzea... aipatu zituzte– eta haiek kaleratzea exijitu zuten bertaratutakoek.

De Juana eta Gaztañaga

Egubakoitzeko agerraldian modu berezian aipatu zituzten Iñaki De Juana eta Iñaki Gaztañaga presoen egoerak. Lehena abuztu hasiera ezkero dago gose greban beste epaiketa baten zain; 2004an kalean behar zuen, ezarri zioten zigorra ordurako beteta zuen-eta. Eta Iñaki Gaztañagak ere aurten behar zuen kalean. Hala, bizi arteko zigor berrien ezarpena Frantziako eta Espainiako estatuen jarrera eta borondatearen isla dela azaldu zuten egubakoitzean kaleetan solidarioek banatutako esku-orrietan. Hala, egungo egoerari begira, "ireki berri den prozesu politikoa baldintzatu nahi dute salbuespen hauekin eta xantaia politikorako erabili nahi dituzte estatuek presoak prozesu honetan".

Mobilizazioak eguenean

Egubakoitzekoarekin batera, domekan Donostian manifestazioa egin zuten eta datorren eguenean mobilizatzeko deialdia ere egin du Etxeratek, euskal preso politikoen eskubideen defentsan, hain zuzen ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.