Gelmako etxebizitzen gaineko akordioa aurkeztu du ofizialki Lakuntza alkateak

NZ-1 2006ko uzt. 26a, 13:30
Alkatea baikor azaldu da akordioaren berri emateko orduan, esanez, alde biendako ona dela eta gainera enpresaren eta langileen jardunak bermatzen dituela. Etena eragin zuen aprobetxamenduaren %10 adostuta, Ezker Batuak ezik, alderdi guztiek babestu dituzte akordioaren oinarriak.

Joan den astean Udaleko alderdi gehienek eta alkatetzak Obenerrekarekin adostutako akordioa hiru puntutan oinarritzen da: Udal teknikoek zehaztu duten lurzoruaren aprobetxamenduaren ehuneko hamar ordainduko dio Obenerreka promotorak Udalari. Bigarrenez, hirigintza konpentsazio gehiago zehaztu dituzte, aurreko akordioan zeudenei gehitzeko. Azkenik, langileak 2020 urtera arte lanean egongo direla bermatuko duen 4’5 milioi euroko berme fondo bat sortuko dute.

Udalak konpromisoa hartu du irailaren 4an edo 5ean onartuko dituela etenda gelditu den Gelmaren proiektua eta behar diren obretarako baimenak. Aldez aurretik Obenerrekak konpentsazioen atala egokituko du. Horren ostean, irailaren 18aren inguruan osoko bilkura berezia egitea aurreikusten da eta hor onartuko dira ofizialki aldaketa guztiak.

Pelotazoa

Ezker Batua-Berdeak alderdiak STOP ESPEKULAZIOARI zioten kartelak atera ditu alkateak adierazpen instituzionala egin duen bitartean. Eta Ezker batuak adierazi du Gelmaren inguruan Obenerreka promotorak egin duen operazioa “pelotazo” garbia izan dela. Ironiaz, azaldu du gainera promotora horrek mirari bat lortu duela: Udaleko alderdi politiko gehienak batzea “pelotazo” hori onartzeko.

Dimisioa eskatu

Bestalde, Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialistak dimititzeko esan diote alkateari. Sozialistek esan diote, bilkurak bota baino lehenago dimititzeko. Popularrek gogoratu diote gobernuan 13 zinegotzi zituela hasi zuela agintaldia, gero Ezker Batuko hirurak bota zituela, ondoren Aralarrekoa joan zitzaiola eta azkenik bere alderdikoa zen Ines Aldai bota zuela. Orain 8 baino ez dituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak