Obenerreka promotorarekin akordioa lortu dute PSE-EEk, PPk, EAk eta Ines Aldaik

Obenerreka promotorarekin prentsaurrekoa egin dute gaur 14:00etan PSE, PP, EA eta Ines Aldaik. Alderdiek azpimarratu dute hitz egiteko borondatearen bitartez lortu dutela akordioa.

Arrasateko zinegotzien gehiengoak akordio bat lortu du Gelmako etxebizitzak egiten dabilen Obenerreka promotorarekin. Akordio horren arabera, Obenerreka promotorak onartu du Udalak aprobetxamendu gisa eskatzen dion %10eko tasa oso osorik ordaintzea.

Akordioa lortu dute, baina horretarako oraingoan Guibert promotoreak udalean Gelmako hitzarmenaren aldeko botoa eman zuten alderdi guztiekin batzartu nahi izan du. Ezker Batua alderdia, beraz, ez du deitu promotorak. Beste guztiak joan dira batzarrera, alkatetza duen Eusko Alderdi Jeltzalea ezik. Alkatea bera ere, beraz, ez da egon batzar horretan. Bestalde, Aralarreko zinegotziak batzarra utzi du. Izan ere, inplikazio pertsonalak tarteko gai honetan intsumiso jarria duelako bere burua. Akordio horrek bermatuko du baita ere langileen iraupena 2020ko uztailaren lehenera arte.

Udal baimenak lortuta

Enpresak behar dituen udal baimen guztiak lortuko ditu aurtengo uztailaren 28a baino lehenago. Azken horrek derrigortzen du gaia uztailaren 26an egingo duten osoko bilkuran aztertzea. Horretarako, hirigintza batzordeak premiazko batzarra egin behar du eta gaia diktaminatu.

Gaur Obenerreka promotorarekin batzarra egin duten alderdiek azpimarratu dute hitz egiteko borondatearen bitartez lortu dutela akordioa. Horretaz gainera, publikoki defendatu dute Javier Guibert enpresariaren izena.

Gaur, 18:30ean Bozeramaileen Batzordeak landuko du gai hori. Tartean Inazio Lakuntza izango da.

Inazio Lakuntzak esandakoa

Arrasateko alkate Inazio Lakuntzak Goienari adierazi dionez adostutako akordioa egia bada aurrera egingo duela. "Udalak proposatutakoaren berdina bada proposamen hau, aurrera egingo dugu. Hala ere, ikusi egin behar esandakoa egia den eta ze akordio mota den. "

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.