Blokeatuta dago Gelmaren eta Udalaren arteko negoziazioa

Ubane Madera 2006ko uzt. 20a, 11:08
Inazio Lakuntza alkateak prentsaurrekoan azaldu zuen Gelmaren (Guibert) eta Udalaren (Lakuntza) orain arteko negoziazioaren blokeoaren zergatia. Jakinarazi zuen puntu bakarrean dutela desadostasuna bi aldeek: Gelmak Udalari eman beharreko %10eko hirigintza aprobetxamenduaren puntuan, alegia: "Desadostasuna dago gure udal teknikariek egin duten balorazioan". Bestalde, Gelmako langileak kezkatuta azaldu dira eman duten prentsaurrekoan alkateak ez duelako onartu Obenerrekak egindako proposamena.

Bi puntutan ados daude

Bi puntutan ados daude

Puntu horietako batean zehaztu dituzte Gelmak egin beharko dituen konpentsazio urbanistiko berriak "Gelmako zuzendaritzak aurkeztutakoak eta Udalak onartu egin dituenak, pega barik".

Beste puntuan, berriz, adostu dute 4,5 milioi euroko garantia fondo bat (Udalak proposatutakoa), Gelmako 200 langileen lanpostuak ziurtatzeko. Horri esker, 2020a baino lehen Gelma Arrasatetik joaten bada, fondo hori izango da langileen kalte ordainetarako: "Udalak ez du inongo interesik 4,5 milioi euro horiek berarendako eskuratzeko".

Desadostasunaren zergatia

Alkateak argi utzi zuen berak "Udalaren eta herritar guztien interesak defendatu gura dituela" negoziazio horretan. Behin hori argitu ostean, aprobetxamenduarekin duten desadostasunaren zergatia azaldu zuen. Hala, esan zuen 2004ko hitzarmenean adostutako %10eko aprobetxamendu hori kalkulatu zutela orduan zituzten datuen arabera, merkatuko baloreetan oinarrituta, "baina inork ezin du zehatz-mehatz esan zeintzuk diren balore horiek, beraz, estimazioen bitartez landu genituen". Halaber, alkateak jakinarazi zuen 2005era arte Udalak ez zuela bestelako dokumentaziorik eskuratu, baina 2005ean Gelma eta Obenerrekaren arteko salerosketa kontratu bat eskuratu zuela. Eta kontratu horretan, zehaztuta zegoela Gelmak Obenerrekari saldu zion partzelaren zoruaren balorea zela kalkulatua. Hala, datu horiei Udalak batu die gainerako partzelen datuak (beste lau, txiki) eta urbanizazio kostuak, Udaleko PERItik hartuta. Eta horretan guztian oinarrituta, Udaleko zerbitzu teknikoek egindako kalkuluaren arabera ateratzen den %10ekoa da, alkatearen ustez, Udalari dagokiona: "Desadostasunaren kopurua kuantifikatzearren, Guibertek eskuzabal proposatu digunaren eta guk baloratzen dugunaren aldea 979.000 eurokoa da".

Osoko bilkura, 26an

Bestalde, alkateak jakinarazi zuen gainerako alderdi politikoek (PSE-EE, EA, EB, PP, Aralar eta Ines Aldai) helarazi diotela eskaera bat Hirigintza batzorde urgente bat deitu dezan honako gaia lantzeko: Obenerrekako Guibertek planteatutako proposamenaren onespena lantzea, udal teknikarien buruaren diktamenarekin eta Idazkaria eta Interbentorea jakinaren gainean daudela: "Ez naiz ausartzen hori noiz egin daitekeen esaten; baina Guiberten proposamena zela edo hala onartu nahi izatea, kafkianoa da". Alkateak gogorarazi zuen legeak zehaztutako epeak bete egin behar direla. Hortaz, gainerako alderdiek eskatzen duten batzarra ezingo litzatekeela egin abuztuaren erdialdera arte, eta orduan, gainera, oporrak direla.

Horren harira, zenbait puntualizazio egin dizkigute alderdi politikoek. Hala, guztiak daude ados Hirigintza batzordea egitearekin; ez, ordea, Guiberten proposamenarekin. EB, esaterako ez dago ados eta Aralarrek, PPk eta Aldaik euren erantzuna eman aurretik, informazio gehiago gura dute.

Gelmako langileak kezkatuta

Gelmaren gaineko ika-mika piztu denetik lehen aldiz, Gelmako Enpresa Batzordeak prentsaurrekoa eman du. Haren bitartez zera jakinarazi gura izan die alderdi politiko guztiei: "2004ko hitzarmenaren hobekuntzaren onespenaren mendean egon daiteke enpresak Arrasaten segitzea eta gure lanpostuak Arrasaten mantentzea".

Izan ere, kezkatuta daude Gelmako langileak alkateak ez duelako onartu Obenerrekak edo Gelmak egindako proposamena: "Proposamena baztertzean, Obenerrekako zuzendaritzak legea erabilita erantzungo du, hitzarmena ez betetzearren".

Halaber, hiru galdera ere utzi zituzten airean: "Norbaiti interesatzen zaio Gelma ixtea? Lanpostuak galduz gero, zeini eskatuko dizkiogu ardurak?". Eta baita ere "garrantzitsuena lanpostuak Arrasaten mantentzea zela esan zuten alderdi politikoak non daude?".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak