Amaitzen ari da etxean erabilitako olioaren ontziak jasoko dituen kaleko edukiontziaren prototipoa

Goi eskola politeknikoko ikasleak ari dira prototipoa lantzen Garaia Berrikuntza Gunean. Laster hasiko dira lehen frogak egiten Arrasateko kaleetan. Etxean erabilitako olioa batzeko ontziak hartuko ditu edukiontziak.

Prototipoa egin ostean, Arrasate Udalak espero du Mondragon unibertsitatearekin duten hitzarmeneko datak beteko direla, hau da, urrian edo azaroan Arrasateko kaleetan zazpi edo zortzi ontzi egongo direla, etxean erabilitako olioz betetako poteak batzeko.

Etxeetan banatuko dituzte ontziak

Edukiontziak kalean jartzen direnean 20 mila ontzi txiki izango dira etxeetan eta edukiontzietan bueltaka ibiliko direnak. Izan ere, propio diseinatutako ontzi txikiak baino ez direla sartuko edukiontzian. Zortzi mila ontzi txiki Arrasateko etxeetan banatuko dira. Bestalde, edukiontzietan beste 200 bat ontzi txiki jarriko dituzte, hiritarrek erabilitako olioa eramaten dutenean ontzi garbia eraman dezaten etxera.

Inguruko herrietan ere banatu nahi ditu Arrasateko Udalak ontziak, duen asmoetako bat baita edukiontzi bat Eroskin jartzea.

GEPeko ikasleak aritu dira

Bizpahiru urte eman dituzte Goi Eskola Politeknikoko promozio ezberdinetako ikasleek proiektua garatzen eta hobekuntzak eta egokitzapenak egiten. Lehen edukiontzia amaitzen dabiltza frogak egiten hasteko.

Arrasaten lehen frobak

Arrasaten egingo da etxean erabilitako olioa batzeko lehen froga sistema horrekin. Ondoren erakundeetan aurkeztuko dira emaitzak, aurrerantzean sistema finkatzeko.

Jaurlaritzaren eta Diputazioaren laguntza

Proiektua aurrera ateratzeko Eusko jaurlaritzak laguntza eman zion Udalari iaz eta Diputazioak ere laguntza eman dio 2005-2006 urteetarako. Madrilen ere eskatuta du Udalak diru laguntza, baina horren erantzunik ez du jaso oraindik.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.