Caixari esleitu diote Zerrajerako etxeak eraikitzeko proiektua

Goiena 2006ko uzt. 7a, 11:32
Bi proposamenen artean aukeratu beharra zuten: Caixarena eta Visesarena (Jaurlaritza). Caixaren proposamenak, Udaleko Hirigintza Sailak ipinitako baldintza pleguan ezarritakoaren arabera, puntu eta erdiko aldea atera zion Visesakoari, baldintza horiek hobeto betetzen dituelakoan.

EAJ-EAk eta PSE-EEk bozkatu zuten alde, Aralar abstenitu egin zen eta EB, PP eta Ines Aldai (Talde Mistoa) aurka azaldu ziren. Alkateak esan zuen eskaintza hobea zela Caixarena, txosten teknikoek hala erakusten dutelako eta besteak beste, Caixaren obra soziala delako halako proiektuetan esperientzia duena. Gaineratu zuen proiektu hori ez litzatekeela Udalean izango "Caixarengatik izan ez balitz". PPk, Aralarrek eta EBk ez zuten garbi ikusi lan hori esleitzeko erabilitako bidea zuzena izan zen edo ez.

Bestalde, alkateak komunikabideoi jakinarazi zigun ez duela datorren hauteskundeetara aurkezteko asmorik "bere bizitza zaindu egin behar duelako", hori bai, "bere buruarekin lasai" sentitzen dela ere esan zigun.

Udalbatzarraren banaketa

Udalaren egoerari dagokionez, berriz, astelehenean gauzatu zen Ines Aldairen dimisioa EAJtik. Horrela, gobernua (EAJ eta EA, oraingoz) zortzi zinegotzik osatzen dute, eta oposizioa 12k. Ines Aldaik Talde Mistoa eratu du. Haren karguei dagokienez, berriz, (Kultura arduraduna eta gobernuko bozeramailea) alkateak hartuko ditu bere gain.

Bestalde, Joxe Etxeberria Aralarkoak gobernua uztearen ondorioz libre geratu diren karguak (Gizartea) Aitor Saez de Azkunagak (EAJ) hartuko ditu.

Ezker Batuak ipinitako salaketa onartu egin du fiskaltzak

Gipuzkoako Auzitegi Probintzialeko fiskaltzak onartu du tramitera EBren salaketa. Alkatearen kontra eta Loiti alkate ohiaren kontra ipini zuen salaketa, ustez, prebarikazioa, funtzionario eroskeria eta diru-publikoaren bidegabeko erabiltzea egin dutelakoan, Zabalgunea-Gelma eraikuntza operazioan. Ander Rodriguez EBko zinegotziak atzo, uztailak 6, prentsaurrekoan esan zuenez, "fiskaltzak dilijentziak ireki zituen pasa den astean. Horren ostean, eta ikerketaren emaitzek salatu ditugun delituen izatea berresten badute, EB akusazio partikular moduan aurkeztuko da". Rodriguezek gaineratu zuenez froga berriak eskuratu dituzte eta aztertu ostean, fiskaltzara bidaliko dituzte.

Bitartean, fiskaltzak bere bidea segituko du eta horren adibide da dagoeneko eskatu diola Arrasateko Udalari zenbait dokumentazio. Tartean, EBk nabarmendu du fiskalak jakin gura duela ea baden txosten ekonomikorik alkatearen eta Guiberten artean sinatutako hitzarmenarekin lotuta. Izan ere, "bere garaian, eta gainerako alderdiek hala onartu zuten, ez zegoen txostenik eta uste dugu orain ere ez dagoela". Orain fiskalak bospasei hilabete beharko ditu erabakitzeko kereila ipini edo ez. Horrekin batera, EBk jakinarazi du bere zerbitzu juridikoak aztertzen dabiltzala Zerrajerako etxebizitzak Caixari esleitzeko erabakia ere Audientzia Probintzialean aurkeztuko duten. Bestalde, alkatearen eta Ugarteren dimisioa eskatu zuten EBk prentsaurrekoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak