Bukatu dira herritarren joan-etorriak udaletxera eta udaletxeko leihatiletara. Izan ere, datorren eguaztenetik aurrera, uztailak 5, zerbitzu zentralizatua eskainiko du Arrasateko Udalak: Biztanleen Arreta Zerbitzua.
Hasierako eskaera guztiak
Kontuak kontu, eguaztenetik, herritarrek Maisu Aranora jo beharko dute. Han, BAZetik bideratuko dituzte Udalarekin egin beharreko gestio guztiak: obra txikiak egiteko baimenak, errolda ziurtagiriak, bizikidetasun ziurtagiriak, denda bat zabaltzeko baimen eskaera... Udalera sartu gura den edozein idatziri BAZen eman beharko diote sarrera; eta BAZera jo beharko dute, baita ere, Diputaziora edo Jaurlaritzara bidali beharreko idatziei sarrera emateko ere. Bestalde, kexak eta iradokizunak ere BAZen egin beharko dituzte herritarrek.
Telefono berezia: 010
Horrez gainera, telefono zerbitzua izango du bulego berriak: 010. Horra deituta, Udalaren gaineko zein udalerriaren gaineko informazioa eskatu ahal da eta izapide jakin batzuk ere telefono horren bitartez bideratuko dituzte, esaterako, eskatu ahal da errolda ziurtagiria eta gero, BAZetik etxera bertara bidaliko dute, bulegotik pasa barik.
Zerbitzu berriaren helburua da leihatila bakar moduan funtzionatzea, herritarrei errazte aldera Udalarekin izan beharreko harremana. Eta helburu horrekin, BAZen hurrengo pausoa izango da web orri baten bitartez ere eskaintzea tramiteak egiteko aukera. Era berean, bestelako lanak ere hartzen joango dira. Esaterako, han ipiniko dute gauza galduen bulegoa. Baina hori aurrerago izango da.
Ordutegia
Datorren eguaztenetik aurrera, astelehenetik egubakoitzera bitartean zabalduko dute Biztanleen Arreta Zerbitzua, 08:30etik 14:00etara arte. Ordutegi hori erabiliko dute irailera arte. Eta irailaren 1etik aurrera, berriz, goizez eta arratsaldez zabalduko dute, astelehenetik egubakoitzera, 08:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara. Eta zapatuetan goizez zabalduko dute, 09:30etik 13:30ak arte.
Arrasatetik BAZera deitzeko telefonoa da 010. Arrasatetik kanpo egonez gero, berriz, 943 25 20 50 telefonora deitu beharko da. E-posta honako hau da: baz@arrasate-mondragon.net.