Sutea izan da Multifood enpresan

Goiena 2006ko eka. 27a, 10:30
Goizeko 5:00ak aldean piztu da sua Uribarri auzoko janari enpresa horretan. Zazpi langile zeuden enpresan sutea piztu denean. Horietako bost Debagoieneko ospitalera eraman dituzte kea arnastu dutelako, baina dagoeneko alta jaso dute.

Denbora gutxian erre da dena

Denbora gutxian erre da dena

Lehen ikerketen arabera, badirudi oilaskoak erretzen den makinerian koipe eta gantza metatuta zegoela eta makina horietako erresistentzia batek ez duela behar bezala erantzun eta su hartu duela.

Ondoren, sua oso azkar zabaldu dela esan dute langileek, "15 minututan guztia erreta zegoen". Sua hasi den tokian dagoen olioari gehitu behar zaio Multifooden elikagaiak enpaketatzeko material asko dagoela eta horrek ere berehala hartu omen du su.

Langileak harrapatuta geratu dira

Ezbeharra gertatu den unean zazpi langile zeuden lanean eta horietako bost harrapatuta gelditu dira barruan, sapaian. Suhiltzaileek atera dituzte langileok eta guztiak Debagoieneko ospitalera eraman dituzte. Han, arnastu duten kea botatzeko beharrezko tratamendua egin ondoren, alta eman diete.

Inbertsio garrantzitsuak

Multifooden gaur egun 30 langile daude lanean. Azken aldian inbertsio garrantzitsuak egin dituzte: janariak ontzietan jartzeko linea berri bat instalatu dute, elikagaiak pasteurizatzeko ere tresneria osoa berrituta zuen Multifoodek eta enpaketatzeko eskalextric berria ere orain dela gutxi jarrita zuten.

Oraindik goiz da suteak eragin dituen kalte materialak zenbatzeko. Suhiltzaileek adierazi dutenez, lantegiaren %20 erre da, baina ia erdia kaltetu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak