Mariachiak eta Txan Magoa gaur, San Juanetako azken garrak itzaltzeko

A.G. 2006ko ekainaren 26a

Zerura begira egin dituzte San Juanak askok, hodeiek zer ekarriko zuten asmatzeko. Aurten euria izan da eragozpenik handiena eta aire libreko hainbat ekitaldik bertan behera geratu behar izan dute, zapatuko Monterrongo kontzertuak kasu. Bestela, hodeiek bake apur bat ematen zutenean, ekitaldiek erantzun polita izan dute, zapatuko erromerian moduan. Hala eta guztiz ere, Errementari Dantza eta danborrada ez da zapuzterik egon aurten ere.

Makalaren jasotzeak eman zien hasiera jaiei. Izerdi patsetan eta sustoren bat edo beste hartuta, azkenean lortu zuten gazteek enborra, tente, plaza erdian kokatzea.

Tirabirak salbean

Salbe tradizionala arratsaldeko zortziak aldera egin zuten udal ordezkariek. Tentsioa espero zen salbean, besteak beste, Gelmako auzia dela medio, eta hala izan zen. Ertzain-lerro luze batek babestuta "lapurrak" eta "dimisioak orain" oihupean egin zuen Inazio Lakuntza alkateak parrokiarako bidea. Ines Aldai, Nestor Arana eta Aitor Saez de Azkunaga jeltzaleak falta ziren udal taldean. Parrokiara sartu eta gero hasi ziren tirabira handienak. Bultzada eta ahozko liskarrak egon ziren ertzainen eta manifestarien artean eta sortutako nahasmenean, Biona tabernara sartu ziren ertzainak, esanez handik botila bat bota zietela. Gertakizunen harira, Arrasateko Udaltzaingoak ere adierazpenak egin gura izan ditu. Hedabideei igorritako agiri baten "engainatuta sentitzen" direla esan dute, ez zekitelako babesa Ertzaintzarekin egin behar zutela. Udaltzainek, era berean, aho batez jakinarazi dute "etorkizunean baldintza horietan edozein lan egitera behartzen bagaituztela uko egingo diogu". Osterantzean, egubakoitzari dagokionez, gau giro polita izan zen nagusi.

Zapatua

Zapatua ere modu oparoan hasi zen, goizean goiz zezen-plaza goraino bete zen-eta; jendetza entzierroa ikusteko irrikaz. Ondoren erraldoi eta kilikiek hartu zituzten kaleak eta horrekin gutxi ez balitz lekukoa McKensy's Clan Band eskoziar txoroek hartu zuten, bazkalaurrekoa alaitzeko. Panorama arratsalde aldera hasi zen iluntzen, euriak etenik egingo ez zuela ematen zuen-eta. Hori dela-eta, bertan behera geratu ziren arku tiroketa saioa eta gaueko Doctor Deseo eta Rafa Ruedaren emanaldiak. Azkenean gauean ez zuen euri handirik egin, baina trukean erromeria politaz gozatu ahal izan zuten plazara gerturatu zirenek Joselu Anaiekin.

Domeka

Atzo, haurrena izan zen jaia. Eguzki Laruri ongietorria goizean eta arratsaldera arte zabalik egon zen jolas-parkea. Gazteek, ostera, txosna-gunean egin zuten bazkaria eta arratsaldean Tango Volado ikusgarria eta Amaian Todos nacemos vascos egon ziren ikusgai. Gauean, txosnetan, herriko Ozenek eta Naiz Roxa pasaiatarrek jo zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak