Ines Aldairen esanetan, Gelman gertatu dena udaleko kargudunen erabaki pertsonalen ondorio izan da, eta EAJk ez duela zerikusirik izan. Hona hemen auzi honen gainean jaso ditugun alderdi ezberdinen prentsa oharrak:
Anonimoa
Idatzi anonimo bat erabili dute alkatearen, Agustin Ugarte Hirigintza Saileko buruaren eta Gelmako etxeen promotorearen kontrako salaketak egiteko. Ander Rodriguezek maiatzak 29ko osoko bilkuran irakurri zuen. Laburbilduz, idatziak salatzen du 2004an hitzartu zutela Udalak eta Gelmak babes ofizialeko etxe gutxiago egingo zituztela eta etxe libre gehiago. Horrela, etxebizitzen prezioa txikitu egingo litzateke. Orain, ordea, idatziak dio etxeen promotoreak etxebizitza libreen prezioa zehaztu duela metro koadroa milioi bat pezetatan eta ez 600.000tan, asmoa zen bezala. Gaineratu dute, baita ere, beste inori ezer esan barik alkateak baimena eman zuela etxebizitzak esandako prezioan eraikitzen jarraitzeko.
Bukatzeko, dio azkeneko Gobernu Batzarrean eta gai hori zela medio, "alkateari eta Hirigintza Zinegotziari chorizos esan zietela eta Marbellara alde egiteko" ere bai.
Arrasateko EAJ
- "Lakuntza Alkate Jaunaren aurka bota diren akusazioak erabat gaitzesten ditugu."
- "Etxebizitza merkatu librearen portaerak, aurreikuspen guztiak gainditu dituen merkatuko prezio errealen egoera batetara eraman gaituzte, promozioaren etorkizuneko irabazi garbiak neurrigabekoak bilakatu direlarik. Hauen legezkotasuna zalantzan jarri gabe, ez dirudi ordea zuzentasun aldetik egokiak direnik.
- "Etxebizitza sustatzailearekin negoziazioa bultzatu behar da Arrasateko herriaren alde arrazoizko hobekuntzak lor daitezen. Horretan ari zen hain zuzen ere Lakuntza Alkate Jauna."
- "Akatsik leporatzekotan, sinatutako komenioaren irizpideak kolokan jarri dituzten etxebizitzen prezioak ezagutzerakoan komenioa bera zuzendu nahia izan da gure akatsa bakarra."
Arrasateko EAJko lehendakari Ixidor Solupek adierazi du nahiago dutela momentuz prentsa oharraz gain beste ezer ez esatea, "hau ez delako hitz egiteko unerik aproposena, lanerako baizik".
PSE-EE
- Paco Garcia PSE-EEko zinegotziak eskatu dio Lakuntza alkateari "konfiantza mozio baten esku utz dezala bere kargua, Udala gobernaezina bihurtu baita."
- EAJko zinegotzi baten akusazioen aurrean kezka azaldu du Paco Garciak eta bere ustez "eskandalua piztu da EAJn."
- "Duela hilabete arte udal gobernuan EA, Aralar eta Ezker Batua zeuden eta uste dugu horiek ere parte hartu dutela hondamendian."
Ezker Batua
Ander Rodriguezek dio PSEk ez duela Arrasateko alkatearen aurkako sentsura mozioarekin bat egiten Ezker Batuak ez duelako Pako Garcia ordezkotzat onartu. Rodriguezen esanetan, PSEk jarreraz aldatu du Ezker Batuak ez duelako Paco Garcia sozialistaren aukeraketa "balio eta fidagarria" ikusten. Prentsa oharrean gaineratu dute PSEk hiru urtetan izan duen legegintzaldiaren balantzea demagogikoa izan dela. Etengabe Lakuntzari babesa eman diotela hirigintza lanetan. Baita Agustín Ugarte Hirigintza Zinegotziari ere. Rodriguezek dio demagogikoa dela ere auzi hau PNVko Udal Batzak eta PSEk 200 langileren lanpostuen bermeaz justifikatzea. Bere esanetan alkatea edota Hirigintza Zinegotzia "baliogabetuta" daude konbenioa birnegoziatzeko. Era berean dio, arrasatearrak "bahituta eta txantajearen ondorio direla. Izan ere dirutza ikaragarriak ordaintzera bideratu baitu Gelmako akordioak." Ezker Batuko bozeramaileak akordio bat lortzeko prest dagoela adierazi du, baldin eta babes ofizialeko etxebizitza gehiago egiten badira, etxebizitza libreen prezioak jaitsi eta lanpostuak bermatzen badira.
Aralar
- "Hauteskundeetarako oraindik urtebete geratzen da eta Arrasateko alderdi politiko askoren adierazpenei hauteskunde usaina darie. Guztiei eskatu nahi genieke alderdi interesak alde batera laga eta arduraz joka dezatela."
- "Borondate onez jardun dugu udal gobernuan eta oposiziotik ere lanean jarraituko dugu aurrerantzean ere. Baina gertatu denaren aurrean ezin dugu beste alde batera begiratu."
- "Aralarretik adierazten dugu ezin dela plazaratu zentsura mozioaren ideia, gainontzeko alderdiokin ezer adostu ez denean. Ezta konfiantzazko botoaren gaia ere, legez ezinezkoa delako legegintzaldia amaitzeko urtebete geratzen denean hau aurkeztea."
Herri Anitza plataforma
- "Legealdi hau baldintza erabat antidemokratikoetan hasi zen orain dela hiru urte. Udalbatzan eserleku bat hutsik (Aralar) eta beste hiru Alderdien Legearen aplikazioaren aitzakiarekin dagozkienei itzuli gabe (EAJ, EB eta PSOE) eta honek zerikusi zuzena du gertatzen ari denarekin."
- "Ezker abertzalearen kanporatzea ederki asko aprobetxatu dute euren negozioak egin ahal izateko. Egun azalerazten ari diren informazio kezkagarriak, argi erakusten dute gardentasuna ez dela EAJ-EA koalizioaren ezaugarria Udalaren kudeaketan."
- "Hiru urte hauetan alkatea eta bere taldea ez dira bakarrik egon. Orain gobernua taldearen kudeaketa iluna salatzen duten berberek, hiru urte jarraian onartu dizkiote aurrekontuak, egonkortasuna emanez gauzak egiteko era horri, ia hiru urtetan defendatu izan dute leial EAJ-EA koalizioaren gobernu sistema. Bazekiten norekin ari ziren eta orain ez du balio esatea sudurra estalita ari zirela egoera jasanezina bihurtu zaien arte."