Plastiko kopuru "ikaragarriak" harritu egin zituen ibaian aritu ziren garbitzaileak

A.G. 2006ko eka. 19a, 10:26
Arrasaten, Aste Berdearen azken ekintza moduan, Eroski osteko ibai bazterrak garbitu zituzten hainbat guraso eta neska-mutikok. Eskuzorroak jantzita eta sasi artean, goizeko hamar eta erdietatik eguerdira arte ibili ziren ibaiko plastiko eta zaborrak kentzen. Bildu zuten zaborra Laubide plazan egongo da ikusgai, gaur, kontzientziazio-ekimen moduan. Esan zutenez, garbitu zuten metro bakoitzeko poltsa bat bete ahal izan zuten.

Harrituta zeuden guraso eta seme-alabak, holako eremu txikian hainbeste zabor topatuta. Musakolako ermitako zubian hasi eta merkataritza zentroko atzealderaino ibili ziren garbitzen, hiru taldetan. Plastiko kopuru "ikaragarriarekin" egin zuten topo, guraso batek hala kontatuta. Antza, jende askok merkataritza zentroan askaria-edo erosi eta parkera etortzen dira jatera, eta gero zabor guztia lurrera bota", azaltzen du ama batek, hark betetako hirugarren poltsa eskuetan duela. "Plastikoak 400 urteraino iraun dezake biodegradatzen hasteke, eta ibaia beteta dago", dio beste guraso batek.

Garbitutako metro bakoitzeko, poltsa bete

Horrek dakarren kalteaz jabetzeko Laubide plazan ipini dituzte gaur poltsa guztiak erakusgai, Eroskiko pisuan pisatu ostean. Hasierako asmoa zaborra birziklatzera eramatea zela dio Nerea Lazpiurrek, antolatzailetako batek, baina "hain zikin daude hondakinak, alferrik litzateke". Kontuak egiten hasita, eta batutako zabor kopuruan zeuden eremu txikirako asko zela ikusita neurtzen hasi ziren. Horrela, Eroski atzean garbitutako hamabost bat metroetan bakarrik, 15 zabor poltsa handi bete ahal izan zituzten atzo.

Zabor hori, gainera, sasi artean zegoen askotan, batzeko oso zail, eta ez zuten izerdi gutxi egin behar izan garbitzaileek ahalik eta hondakin gehien jasotzeko. Plastikoa izan zen batez ere, baina arropa eta oihal ugari ere topatu zituzten. Aurkikuntza bitxiagorik ere egon zen: komun batekin egin zuten topo eta orain dela gutxi, auzoko jaietan, parkean dagoen astoari ipini zioten lastozko koroatzarra, mota eta garai guztietako pote eta edukiontzien artean. Guztiak Laubide plazan daude gaur ikusgai.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak