Etxerako laguntzaren araudi berria onartu du Udalak

NZ-1 2006ko mai. 30a, 11:59
Hileko ohiko Osoko Bilkura izan zen atzo. Onartu zituzten gaien artean, hurrengoak: Etxeko laguntzaren araudi berria, Osoko Bilkuraren eskuduntza edo konpetentziaren zati bat Tokiko Gobernu Batzarrari pasatzea kirol esparruko proiektua egiteko, eta, azkenik, Eusko Jaurlaritzarekin eta Diputazioarekin Erregistro Bateratuak jartzea Arrasaten.

Hil honetako osoko bilkuraren punturik mamitsuenak izan dira horiek hirurak.

Osoko Bilkuraren eskuduntzak

Lehena eztabaidatzen, kontratazio gaietan, Osoko Bilkuraren eskuduntza edo konpetentzia, zati batean Tokiko Gobernu Batzarrera pasatzeko proposamena izan zen. Arrasateko kirol esparruaren proiektuari dagokionez proposatu zen aldaketa eta gehienez 100 mila euroko aurrekontuak adjudikatu ahal izango dituzte Osoko Bilkuraren onespenik gabe.

Oposizioko alderdiak proposamen horren aurka azaldu ziren. Popularrek, sozialistek eta Ezker batuak esan zuten horrek suposatuko duela Osoko Bilkurak konpetentziak galduko dituela Gobernu Taldearen alde eta, batez ere, Osoko Bilkurak Gobernu Taldearen gainean kontrola izateko aukera galdu egingo duela. Osoko bilkurak bere konpetentziak gordetzearen alde egin zuten alderdi horiek.

Bi bozketa egin zituzten eta bietan 10 botoren berdinketa izan zen emaitza. Azkenik, Alkatearen kalitatezko botoak erabaki zuen Osoko Bilkuraren konpetentzia hori Gobernu Taldeari pasatzea, Kirol esparruaren proiektuari dagokionez.

Erregistro bateratua Bigarren puntua eztabaida sortu zuena izan zen Agirien Erregistro bateratua jartzekoa, bai Eusko Jaurlaritzarekin eta baita Gipuzkoako Diputazioarekin ere. Horrek onurak ekarriko dizkie herritarrei, Jaurlaritzarekin eta Diputazioarekin egin beharreko tramiteak hemen bertan egin ahal izango dituztelako.

Aurka azaldu ziren popularrak eta sozialistak, uste dutelako udalak gero eta konpetentzia gehiago hartzen dituela, baina horiek betetzeko ekarpen ekonomikorik ez. Hala ere, Agirien Erregistro bateratua jarriko da, Eusko Alderdi Jeltzalearen, Eusko Alkartasunaren, Aralarren eta Ezker batuaren aldeko botoei esker.

Etxeko laguntzaren araudia

Azkenik, etxeko laguntza zerbitzua arautzeko udal araudia onartzeko proposamena izan zen. Jendaurrean egon zen araudia eta Ezker Batuak alegazioak jarri zizkion. Horretaz gainera, testuari emendakin bat jarri zion Ezker batuak. Baita ere Gobernu taldeak beste bat.

Oposizioko alderdi guztiek bozkatu zuten Ezker Batuak aurkeztu zituen alegazioen alde. Hala ere, gero, araudia bera bozkatzeko orduan, Alderdi Sozialista ere araudiaren alde azaldu zen eta horretaz gainera, Eusko Alderdi Jeltzalea, Eusko Alkartasuna eta Aralar ere alde egon dira, beraz, araudia onartu egin zen 15 botorekin.

Gelmako etxeak

Gelma lantegia zegoen tokian egiten dabiltzan etxebizitzen gaia mahai gainean egon zen aste honetako osoko bilkuran. Galde erreguen tartean atera zuen gaia Ander Rodriguez, Ezker Batuko zinegotziak. Rodriguezek Osoko Bilkurari irakurri zion hainbat komunikabidetan banatu den eskutitz anonimoa. Eskutitz horretan aipatzen da Arrasateko Alkatetzatik akordioa lortu dela Gelmako etxebitzetako promotorarekin eta baimena eman zaiola inorekin kontsultatu gabe etxebizitzak egiten jarraitzeko. Horrek tentsioa ekarri duela Udal korporaziora aipatzen du idatziak.

Ander Rodriguez, Ezker Batuko zinegotziak galde egin zion alkateari ea hori egia ote zen eta zer zegoen horren atzean. Alkateak berriz, libelotzat jo zuen idatzia, esanez inork ez zuela sinatzen eta berak ez zuela horren gainean ezer esaterik. Azaldu zuen orain Gelmako etxebizitzen promotorarekin konpentsazioak zeintzuk izan daitezkeen aztertzen dabiltzala eta bere momentuan azalpenak emango dituela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak