'Garapen iraunkorra' liburua aurkeztuko dute eguenean Arrasaten

A.G. 2006ko maiatzaren 29a

Amaia Lizarralde arrasatearrak eta Itziar Eizagirre donostiarrak idatzi dute liburua. Garapen iraunkorra. Garatzeko bizi ala bizitzeko garatu du izenburua eta Alberdania argitaletxeak argitaratu du.

Liburuaren gai nagusia garapen iraunkorra da, izenburuak dioen moduan. Giza premiei eta ekosistemari egokitutako gestio modua da garapen iraunkorra. Eta idazleen iritziz, ez da utopia, lor daitekeen zerbait baizik. Horretarako, ordea, errotik aldatu beharko ditugu denok geure pentsamolde eta jokabideak, liburuan azaltzen dutenez.

Gai horren inguruan, mundu mailako zein Europa eta EAEko erreferentzia ugari bildu dituzte. Sei ataletan barrena, garapen iraunkor kontzeptuaren esangura eta inplikazioak azaltzen dituzte, eta, horrekin batera, Tokiko Agenda 21ez ere jarduten dute.

Idazleen inguruan

Itziar Eizagirre Zuzenbidean lizentziaduna da eta Ingurumen Zuzenbidean masterra du. Garapen iraunkorraren eta herritarren parte-hartzearen ekimenetan aspaldi ari da eta lanbidez ere alor horretan dihardu gaur egun. Amaia Lizarralde arrasatearra Ekonomian lizentziaduna da eta EHUn irakasle. Horrez gain, Ingurumen Zuzenbidea masterrean ere irakasle dihardu, beste gauza batzuen artean.

Arrasateko Monterron kultura etxean aurkeztuko dute liburua bi egileek eguenean, ekainak 1, 18:30ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak