Igogailuak jarriko dituzte Makatzenara eta Santa Teresara igotzeko

NZ-1 2006ko maiatzaren 18a

Obenerreka kaletik Makatzenara joango den igogailu publikoaren proiektua behin betiko onartu du Udalak. Ferixalekutik Santa Teresara joango dena berriro da jendaurrean, herritarrek eskatutako aldaketa baten ostean, alegazioak egiteko.

Gustura hartuko dituzte herritar askok Makatzenan eta Ferixalekuan jarri behar dituzten igogailu publikoak.

Makatzenakoa onartuta

Makatzena auzoak irisgarritasun mugatua du eta Udala ahaleginetan dabil hori hobetzeko. Hara igotzeko jarriko duten igogailua makurra edo inklinatua izango da. Obenerreka eta Hondarribia kaleak elkartzen diren tokitik abiatuko da gorantz eta bi geldialdi izango ditu: lehenengo geldialdia frotoian egingo du eta bigarrena Makatzena kalean bertan.

Igogailu horren bitartez, herritarrek 15 metroko desnibela gaindituko dute. Azpiegitura hori egiteko, beharrezkoa izango da Hondarribia kaleko etxebizitza bateko lursail bat okupatzea.

36'5 metroko desnibela

Bigarren igogailua Ferixalekuan jarriko dute, Amaia Antzoki ondoan eta Mesedeetako Ama ikastetxe ingururaino igoko da. Igogailu horrek 36'5 metroko desnibela gaindituko du eta aurrekoak bezala, bi geldialdi egingo ditu: lehena oinezko zumardian eta bigarrena Mesedeetako Ama ikastetxe inguruan. 8 lagunendako tokia izango du .

Hala ere, Udalak oraindik ez du behin betiko onartu Ferixalekuko igogailuaren proiektua, jendaurrean egon den epean alegazio batzuk jarri dizkiotelako. Hain zuzen ere, Santa Teresako bizilagunek eskatzen dute igogailua lotzea Jose Luis Iñarra pasealekuarekin eta han inguruan dagoen autobus geltokiarekin ere bai. Pasabide batekin lotzea proposatu dute.

Udalak kontuan hartu du proposamen hori eta igogailuaren ibilbidea aldatu du apur bat. Mesedeetako Ama ikastetxeko mendebaldetik egin beharrean, ekialdetik jartzea proposatu du. Hori onartu baino lehenago, hala ere, jendaurrean du Udalak proiektua 15 egunez, afekttuek alegazioak egin ditzaten.

Afektatuen artean Mesedeetako Ama ikastetxea dago. Jolaslekuaren zati bat kendu behar diote azken proiekto hori egiteko.

Beraz, kontuan hartu Ferixalekutik Santa Teresara igotzeko igogailua jartzeko proiektua jendaurrean dela 15 egunetan, egoki ikusten diren alegazioak jartzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak