Adin guztietako jendearendako jaiak giro onean ospatu dituzte Musakolan

A.G. 2006ko mai. 15a, 10:31
Erretiratuendako afaria; gazte eta umeendako bazkaria eta jolasak; eta helduendako kontzertua eta dantzaldia; askotariko ekintzak izan dira San Isidro jaietan.

Astean zehar erretiratuendako karta joko txapelketak jokatu ostean, asteburuarekin San Isidro jaietako ekitaldiei eutsi diete Arrasateko Musakola auzoan.

Egubakoitzeko umeen danborradak haurrak eta nagusiak elkartu zituen kalean, eta sekulako jai giroa sortu zela esan digute antolatzaileek.

Txikiei nagusienek hartu zieten lekukoa eta erretiratuen afarian 180tik gora lagun izan ziren, Al Andalus elkartean. Afarira joandako guztiek opari bana jaso zuten; baina opari bereziak izan ziren afarian ziren nagusienendako: Lazaro Ugartetxeak txapela jaso zuen eta Benigna Menendezek, berriz, zapia eta lore sorta. Ondoren, Kaixo taldearekin izan zen dantzarako aukerarik.

Zapatuan, jaiek gaztetxoendako ekintzekin izan zuten segida. Puzgarriak izan ziren, baita gazteendako bazkaria eta umeendako tailerrak ere. Kirolak ere izan zuen lekurik jaietan: gimnasia erritmiko taldearen erakustaldia lehenengo eta Aukea sarien banaketa gero.

Ekitaldi ugari

Iluntzean, meza ostean kontzertua zegoen iragarrita. Antolatzaileek uste baino jende gutxiago elkartu zen arren, bertara joandakoak gustura egon ziren Donostiako Udal Musika eta Dantza Eskolako Orkestra sinfonikoa entzuten.

Egubakoitzean bezala zapatuan ere dantzaldia izan zen Kaixo taldearekin. Hasieran motel samar hasi arren, goizaldera arte iraun zuen dantzaldiak, eta jende asko izan zen dantzan.

Domeka eguerdian egon zen jai giroa Musakolan. Motozerrarekin astotxo baten eta gizon baten irudiak egin zituzten ordubete eskasean. Bestalde, ATC elkartekoek zozketa txartelak saldu zituzten eta jasotako diru guztia euren elkarteko ezinduei laguntzeko erabiliko dute.

Ondoren, bi asto ekarri zituzten, gurdiarekin bata eta banastekin bestea. Umeek ilara luzeak egin zituzten astoan ibiltzeko.

Domeka arratsaldean ere izan zen animaliarik, Gorritik ikuskizuna egin baitzuen umeendako baserriko abereekin.

Gaur amaiera

Eta maiatzaren 15a San Isidro eguna izanik, gaur goizean oraindik izango da ekitaldirik Musakolan. Santuaren izen bereko elizan meza izango da 11:00etan. Ondoren, prozesioa izango da eta santua bertara eramanda erretiratuen etxe berritua bedeinkatu eta inauguratuko dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak