Epeletik Kaskonategirako bidea inauguratu dute

Asier Alkorta 2006ko mai. 10a, 18:19
Gaur inauguratu dute Arrasaten Epeletik Kaskonategira doan bidea. Lan zailak izan direla azpimarratu dute arduradunek. Edonola ere, pozik daude emaitzarekin. Zirkulazioa asko arindu da lau erreiko autobideari esker.

Inaugurazio ekitaldia ohiko zinta mozketarekin hasi dute. Arrasateko alkate Inazio Lakuntza, Diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarri eta Bide Azpiegituretako diputatu Javier Zuriarrain izan dira ekitaldian, besteak beste.

Zirkulazioa arindu da

Gipuzkoa 627ko errepide zati hori bikoizteko obrak luzeak eta konplikatuak izan dira. Lau errei ireki dituzte eta horrek asko arindu du gaur egungo zirkulazioa. Edonola ere, lanak uste baino konplikatuagoak izan dira eta horrek krisialdi txikia ere eragin zuen.

Diputaziotik ondo ulertu dute obrek sortutako krisialdia. Hala ere, obra zuzendaritzakoek egindako ahalegina azpimarratu dute. Obrak benetan katramilatsuak zirela aipatu du diputatu nagusi Joxe Joan Gonzalez de Txabarrik.

Lau hilabeteko atzerapena

Hauek izan dira obra zuzendaritzakoak aipatutako arazoak: inguruko azpiegiturak errespetatu beharra eta trafikoa ez etetea. Ondorioz, lau hilabeteko atzerapenarekin amaitu dituzte errepidea zabaltzeko lanak.

Izandako zailtasunek hasierako aurrekontuan ere izan dute eragina, hala, Gipuzkoak Foru Aldundiak 2 milioi euro pasatxo inbertitu behar izan ditu.

Txabarriren esanetan, baina, aurrerantzean ere jarraituko dute Arrasaten dirua inbertitzen.

Egunero 20.000 auto

Egun epeletik Kaskonategira bitartean 20.000 auto pasatzen dira egunero. Inauguratu berri dituzten lanekin eta etorkizun hurbilean egingo dituztenekin, diputatu nagusiak uste du, Arrasateko premia nagusienak beteta geldituko direla.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak