Mugarri Alkesa datorren hilean jokatuko duten Seiko Finalean izango da. Zurututzaren mutilek ezin zuten igoera faseko azken jardunaldian kale egin, eta atzo, garaipenarekin itzuli ziren Gasteiztik. Igoera fasean talde indartsuena izan da, nahiz eta Consmetalen atzetik geratu. Eta, Iruñean egingo duten play offetarako gorputzaldiari eusten ahalegindu beharko dira
Kontrarioa, uste baino gogorragoa
Arabarrak ez ziren arratsaldea pasatzera kantxaratu, nahiz eta jokoan ezer ez izan. Lehenengo laurdenean eurak aurreratu ziren markagailuan, neurri handi baten Arrasatekoek urduri hasi zutelako partidua. Lehenengo hamabost minutuak amaitu aurretik, baina, zuri-moreak 15-21 ziren aurretik. Lehenengo laurdena amaituta, arabarrak ez ziren izan Arrasatekoek poliki-poliki hartu zuten aldea txikitzeko gauza izan. Hala, 34-45 bigarren laurden amaieran, eta 51-61 hirugarren laurdenaren amaieran, Mugarri Alkesak ez zeukan zertan urduritu.
Laugarren laurdena, errazena
Arrasateko entrenatzaileak ere partidu amaieran aitortu zuen, azken hamabost minutuetara arte ez zegoela ezer erabakita, kontrarioak orduan egin zuelako behera, ez lehenago. Dena dela, Biainek eta Mallabiabarrenak erreboteak hartzen egindako lanari, eta Kintanak eta Gamarrak egindako saskiratzeei esker UPVk ez zuen aukera handirik izan. Atzo, baina, Gorka Alartzia izan zen taldea kantxa barrutik zuzendu zuena; Oñatikoak sekulako partidua egin zuen.