Olagarroa eta albariñoa izan ziren galiziar jaiko izarrak

A.G. 2006ko api. 10a, 10:36
Egubakoitzean hasi eta atzo gauera arte galiziar jakien dastatzea eta folklorearen erakustaldia egin zituzten Arrasateko Laubide plazan. Janaria eta musika izan ziren nagusi eta giroa ere bikaina izan zen.

Egubakoitz arratsaldean ireki zituzten postuak. Alde baten txosna handi bat jaso zuten eta parean Galiziako jakiak saltzen ibili ziren postuak. Antolatzaileek guztian pentsatu eta berrehun lagunendako jantokia ere ipini zuten karpa baten azpian, baina eguraldi bikaina egin du asteburuan eta aterpe beharrik ez zuten izan.

Jana eta dantza

Arrasaten bakarrik 400 galiziar baino gehiago bizi dira eta jaialdia euren topaleku bihurtu da asteburuan. Lehen, San Andres auzoan antolatzen zuten, baina aurten Laubide plaza iruditu zaie egokiagoa eta han ipini zituzten postuak eta oholtza ere bai. Izan ere, jateaz gain hainbat folklore ikuskizun ere egon ziren.

Arrasateko Arrostaitz euskal dantza taldeak eta Eibarko Galiziako Etxeko As Burgas gaita-jotzaileek ere egin zuten ikuskizuna. Hori zapatuari dagokionez, domekan Adunia folk taldeak emanaldia egin zuen nahiz eta zalantzan egon ziren euriarengatik. Horren ondoren egindako queimada herrikoiarekin amaitu zituzten ospakizunak.

Txerrikiak, olagarroa, itsaskiak, ogia, gazta... Eskaintza paregabea izan da asteburukoa, eta dastatzeak bezain besteko arrakasta izan dute saltokiek ere, Manuel Moreiras antolatzaileak esandakoaren arabera. Gazta eta ogia saldu dira gehien. Dastatzean, berriz, olagarroa eta albariño ardoa izan dira jaun eta jabe. Guztia prestatzen antolatzaileek egindako ahaleginaren ostean pozik daudela kontatu zigun Moreirasek berak. Batez ere Udalaren babesa izan dutela gehitu zuen, eta datozen urteetan ere laguntza hori izaten jarraitzea nahiko luketela.

Hurrengo hitzordurako prest

Jaia atzo amaitu bazen ere, hurrengo hitzordua prestatzen dabiltza. Maiatzaren 6an izango da hori, eta orduan, Arizmendi ikastolako haur eta gurasoendako prestatuko dute olagarroa Arrasateko Ferixalekuan. Ondoren, hilaren 14an, Aita Mennira joango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak