Mondragoetar batek sortu du Zabaldu.com

Arkaitz Zubiaga Mondragon Unibertsitateko ikasle mondragoetarrak sortu du Zabaldu.com, joan den astea ezkero euskal blogosfera astindu duen webgunea. Ingeniari informatikoa da Arkaitz, eta web diseinua eta programazioa ditu gustuko. Nahikoa izan du hilabete inguru Zabaldu.com sortu eta euskal blogosfera dantzan jartzeko.

Zer da Zabaldu.com?

Zer da Zabaldu.com?

Zabaldu.com webgune bat da, baina bere oinarrian sistema bat du aukera ematen duena irakurle euskaldunek Interneten aurkitutako albisterik interesgarrienak konpartitzeko. Horrela dabil, gutxi gorabehera: irakurle batek albiste bat aurkitzen du Interneten, eta interesgarria iruditzen zaio. Zabaldu.com-era bidaltzen du, gainerako irakurle euskaldunek ere izan dezaten horren berri. Beste irakurleek interesgarri aurkituz gero, boto bat emango diote. Hainbat boto jasotakoan, azalean agertuko da, boto gehien jasotzen dituzten albisteen ondoan.

Hori guztia boto ponderatu sistema baten bidez, zeini deitzen zaion karma. Horren arabera, albisteak sarri bidaltzen dituenaren botoak gehiago balio du behin bakarrik bidaltzen duenarenak baino. Prozedura guztiak oso ondo azaltzen dira orri honetan

Zergatik Zabaldu.com?

Arkaitz Zubiagak sortu du Zabaldu.com, eta horretarako nahikoa izan du hiruzpalau aste. Gero Mutilmedia taldeko bere kideen laguntza izan du Zabaldu.com osatzeko, pluginak-eta eginda.

Horrela kontatzen du berak zerbatik sortu duen Zabaldu.com: "Ba egia esan ia-ia hasi zirenetik irakurtzen ditut Digg.com eta Meneame.net albisteak eta laster izan nuen egitasmoa euskaraz abiarazteko asmoa, euskal blogosferan ere eragina izango zuelakoan, baina guztia zerotik hasita garatzeak lan asko zuela-eta, ez nuen egiteko denborarik izan. Meneame.net-eko Ricardo Gallik kodea denon eskura jarri zuenean (urte hasieran, gaizki gogoratzen ez badut) izan zen benetan proiektuari ekitea erabaki nuenean. Eta horrela, otsaila bukaera-martxoa hasieran kodean behar ziren aldaketa guztiak egin eta euskarazko klon batentzako egokitu nuen. Eta horrela gaur arte. Harritu egin nau blogosferan eta baita zenbait erakundetan ere izan duen oihartzuna, baina pozgarria da euskarak Interneten bere lekutxoa baduela ikustea."

Arkaitz Zubiaga

Arrasaten jaio zen, eta Ingeniaritza Informatikoa ikasi du Mondragon Unibertsitatean. Gaur egun karrera amaierako proiektua egiten ari da Ulma Handling Systems kooperatiban.

Web diseinua eta programazioa ditu gustuko. Berak sortu du Berri Txarrak euskal musika taldearen webgunea. Euskarazko softwarea erabiltzea gustatzen zaio, eta zenbaitetan itzulpenak ere egin izan ditu (eMule eta WordPress 2.0, besteak beste). Horrez gain, noizbehinka artikuluak idazten ditu euskarazko Wikipedian.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.