Zerrajeran gazteendako etxebizitza babestuak egiteko bidea libre

Zerrajera II eremuan errentan jartzeko babes ofizialeko etxebizitzak egiteko oztopoak gainditu ditu Udalak. Egitamu Orokorrak behar zuen aldaketa puntuala eta, ondoren lanak egiteko lehiaketa publikoa arautuko duen agiria onartu ditu. Atzoko Osoko Bilkuran onartu zuen, PNVren, EAren, Aralarren eta Alderdi Sozialistaren aldeko botoekin.

Egitamu Orokorrak behar zuen aldaketa onartuta, eztabaida luzea sortu zen. Gazteendako eta nagusiendako babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lehiaketa publikoa arautuko duen agiria onartzeko orduan etorri zen eztabaida.

La Caixaren hitzarmenaren kopia

Ezker Batua-Berdeak alderdiak eta popularrek salatu zuten, hitzen bat edo beste aldatuta, Udalak La Caixarekin sinatu zuen hitzarmena aurkeztu zuela lehiaketa publikoa arautzeko. Horren aurrean, Ezker Batua-Berdeak alderdiak agiri horren osotasunari emendakin bat aurkeztu zion. Eskatzen zuen aplikatzeko Eusko Jaurlaritzak eta Arrasateko Udalak agintaldi honetan Zerrajera eremuan babes ofizialeko etxebizitzak egiteko sinatu zuten hitzarmena. Behar sozialetara hobeto egokitzen dela Jaurlaritzaren hitzarmena argudiatu zuen Ezker Batuak.

Alderdi Popularra alde izan zuen. Baina gainontzeko alderdi guztiek emendakinaren aurka bozkatu zuten. Sozialistek Etxebizitza Sailburuarengan konfidantza falta azaldu zuten, esanez, ez duela ziurtatzen noizko amaituko dituen etxebizitzak. Eperik eza argudiatu zuen Aralarrek ere. Eusko Alderdi Jeltzaleak, berriz, defenditu zuen 20 urte igaro ondoren, Jaurlaritzak aukera izango zuela etxebizitza horiek eskuratzeko. Emendakina ez zen onartu.

Emendakin bakarra onartu

Horren ostean, 22 emendakin partzial aurkeztu zizkion agiriari Ezker BAtua-Berdeak alderdiak, hobekuntza sozialak eskatuz. Hala nola, errenta errejimenaren epea mugatuta ez izatea, maizterren gutxieneko irabaziak 3.000 eurora jaistea, gutxieneko ekipamendua jartzeko etxeetan eta, 5 etxebizitza Udalaren esku gelditzeko, besteren artean. 5 etxebizitza horiek behar sozialetarako erabiltzeko helburuarekin eskuratuko lituzke Udalak.

Osoko bilkurak emendakin bakarra onartu zuen. Udalak errenta errejimenaren prozesu osoaren kontrola izango du, iruzurrik ez egoteko.

Lehiaketa publikorako agiria onartu

Azkenik, Udal Gobernuak aurkeztu zuen agiria onartu zuen Osoko Bilkurak. Etxebizitzak gutxienez 20 urtez egongo dira errentan, neurriz txikiak izango dira eta maizterrek gutxienez 9.000 euro irabazi beharko dituzte urtean zozketan sartzeko. Lurzorua eskuratzeko, gutxienez 3.042.317,36 euro ordaindu beharko da. Hala ere, gorako eskaintza ere egin ahal izango da.

Agiria onartzeko, PSE-EEk, EAJk, EAk eta Aralarrek eman zuten aldeko botoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.