Jose Maria Arizmendiarrieta apaizaren kanonizazio prozesua hasiko dute

Goiena 2006ko mar. 21a, 12:11
Donostiako elizbarrutiko seminarioko parrokia-elizan egingo dute ekitaldia astelehenean, 19:30ean, Joan Maria Uriarte gotzaina buru dela. Ekitaldi xumea izango da eta bertan Uriartek prozesuaren instrukzioaz arduratuko den Eliz-Epaimahaia izendatuko du.

Santu egiteko prozesua beti hildakoaren aldeko elizkizun batekin hasten da eta horrek irekitzen du prozesu guztia. Lehenengo, santu izateko bidean den lagunaren bizitzako datuak eta bere inguruko agiriak batzen dira.

Prozesu hori dagoeneko egin du Gotzaindegiak eta gaurko lehen mezarekin kanonizazio prozesuari ekingo zaio. Elizkizun horretan epaileak izendatuko dituzte eta Arizmendiarrieta santu egiteko aldeko ekintzak eta kontrakoak baloratuko dira.

Gipuzkoako lehena

Gipuzkoako elizbarrutian orain arte inoiz ez dute apaiz bat santu egin. Arizmendiarrieta da prozesu horretan sartu duten lehen abadea.

Donostiako elizbarrutiaren idatzia

Jose Maria Arizmendiarrieta (Markina 1915-Arrasate 1976) Arrasateko San Joan Bataiatzailea parrokiako apaiz-laguntzaile izan zen hogeita hamabost urtez. Bere apaiz-eginkizunaz jabeturik, artean apaizgai dela honako hau idatzi zuen: “Neure biziera mila bider aukeratu behar banu, apaiz izatea aukeratuko nuke”. Parrokian zituen lanak oso egoki bateratu zituen esku artean zerabiltzan pertsonekiko, gizartearekiko eta kristauekiko sustapen-lanekin. Lan horiek, Ebanjelioan eta Aita Santuen Irakaspenetan eta Elizaren Doktrina Sozialean oinarriturik zeudelarik, lehenengo gaztediaren onerako izan ziren eta gero, eliztar guztien onerako. Jose Maria Arizmendiarrietak Elizaren Doktrina Soziala enpresa eta lan arloan txertatuz Jainkoaren Erreinua eraikitzen saiatu zen. Bere zerbitzuaren emaitza pastoral berezia, Kooperatiben sortzaile gisa ageri da, Euskal Herrian eta Euskal Herriaz gaindi oihartzuna izan duena. Bere ondare espiritual funtsezkoa sekular talde bati iritsi zitzaion.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak