Akordioa lortuta, Fagor Arrasatek Gamei erosiko du

Astelehen eguerdian lortu zuten akordioa Gameik, bi bazkideek eta Fagor Arrasatek. Langileek akzioak erosiko dizkiete bi bazkideei eta Fagor Arrasatek Gameiko akzioen %93,22 erosiko du. Langileek Gameiko akzioen %6'78 izango dute.

Gameiko akzioen %6'78 zuten bi bazkideek onartu dute akzio horiek langileei saltzea, enpresaren etorkizuna bermatzeko. Horrela, enpresaren etorkizuna bermatuta geldituko da, Fagor Arrasatek enpresaren gehiengoa erosiko duelako, %93'22 hain zuzen ere.

Ahalegin handia

Gameiko langileek azpimarratu dute alde guztietatik egon dela negoziatzeko eta enpresaren etorkizuna bermatzeko borondatea. Gogoratu dute Gameiko bazkide guztiek galdu dutela euren ondarea saltzean, Fagor Arrasatek ere esfortzu berezia egin duela Arrasateko lantegi hori itxi ez dadin eta, azkenik, langileek ere ahalegin handia egin dutela lanpostuak gordetzeko.

Orain, abenduan alde guztiek adostu zuten moduan, Fagor Arrasatek hartuko ez dituen Gameiko langileen inguruko tramiteak hasiko dituzte. 22 langile geldituko dira kanpoan. Horietako batzuk aurre-erretiroa hartuko dute eta beste batzuei kalte ordaina emango diete.

Konzentrazioa

Gaur arratsaldeko 6etan, egunero moduan kale bilkura egingo dute Laubide plazan. Baina gaurko bilkurak beste aurpegi bat izango du. Gaur auzian egon diren alde guztiei emango dizkiete eskerrak, egindako ahaleginagatik. Horretaz gainera, eskerrak emango dizkiete laguntza eman dieten herritarrei eta informazioa zabaltzen egon diren komunikabide guztiei.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.