Esker ona erakutsi zieten MCCren fundatzaileei Musakolako bazkari-omenaldian

A.G. 2006ko mar. 6a, 09:33
Musakolako kiroldegia kooperatibismoaren alde lan egin duten guztiei errekonozimendua aitortzeko senidetze-leku erraldoi bihurtu zuen MCCk zapatuan. Kooperatibaren 50. urteurrenaren barruan fundatzaileei eskainitako eguna izan zen. MCCren 67 kooperatibako fundatzaile eta langileak elkartu ziren bazkarian.

Alfonso Gorroñogoitia ULGORen sortzaileetako batek adierazi zuenez, "ez da txantxetakoa gure urteurrena, eta bukaera ona ematen saiatuko gara egun hunkigarri honi".

Hasi, ordea, agurrekin hasi zen. Kiroldegiaren kanpoaldean elkartu ziren MCCren kooperatiba guztietako sortzaileak. Asko ziren elkar besarkatu zuten aspaldiko lankide ohiak, gehienak erretiratutako kooperatibistak ziren. "Zorionak, Alfonso", "Zuri ere bai, gizona!", entzun genion behin baino gehiagotan Alfonso Gorroñogoitiari. Hura eta Jose Maria Ormaetxea -ULGOReko sortzaileak- elkarren ondoan egon ziren bazkarian, Jesus Catania eta Juan Mari Otaegirekin.

Esker ona

Juan Mari Otaegik egin zuen berba lehenengo, MCCren kongresuko lehendakari legez: "Bi sentimendu batzen dira gaurko ekitaldian: esker ona, batetik, eta errekonozimendua, bestetik. Zuek lagundu zenuten sortze prozesuan praktikarekin, eta elkartasunezko gizon moduan bidezko gizarte baten alde aritu zineten. Eraldaketa prozesua izan da gurea, zuena, horixe baitzen Arizmendiarrietaren proiektua".

Alfonso Gorroñogoitiaren lehenengo berbak ere esker onekoak izan ziren: "Enpresa berri baten eraikuntzan parte hartu zenuten eta gure errealitate soziala eraldatu egin da. Horixe adierazten du kooperatibismoak. MCC aberastasun muin garrantzitsua da Euskal Herrian, eta bidezkoa da adieraztea hau guztia egindako lan eskergaren emaitza dela, bai eta izandako enpresa talentuagatik eta oinarri kontzeptualengatik ere: lanerako moral zorrotza, elkartasuna, erakundeen soiltasuna eta oreka. Eta bidezkoa da eskerrak ematea kooperatiben fundatzaileei, bazkideen ardurari, hildako bazkideei eta Jose Maria Arizmendiarrietari, fundatzaile bakar legez, inor izatekotan. Hark laga zizkigun sinesbidea, bokazioa eta bizitza ulertzeko modua".

Kanonizazioa

Arizmendiarrietaren eta harekin batera kooperatibak sortu zituzten fundatzaileei eskerrak eman ostean ekin zioten bazkaltzeari Musakolan. Aurretik, baina, Otaegik gogoratu zuen MCCren mende erdiaren ospakizunekin amaitzeko martxoaren 21ean ekingo zaiola On Jose Maria Arizmendiarrietaren kanonizazio proiektuari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak