Espetxe zigorra luza dakieke Iñaki Gaztañagari eta Jon Agirreri

Espetxetik aurten ziren irteteko Iñaki Gaztañaga eta Jon Agirre arrasatearrak. Baina, Auzitegi Nazionaleko azken erabaki baten arabera, dezente luza dakieke espetxe zigorra bi preso arrasatearrei eta beste 178 euskal presori.

Aringarriak zigor bakoitzari

Aringarriak zigor bakoitzari

Auzitegi Nazionalak eskatu du Unai Paroten zigorra berrikusteko eta erabakitzeko erabili zuten irizpide bera aplikatzeko 1973ko Zigor kodearekin epaitutako preso guztiei. Irizpide horren arabera, preso bakoitzak gehienez 30 urte egingo ditu kartzelan, baina zigorraren aringarriak zigor bakoitzari aplikatuko zaizkio, guztiak bete beharko dituelako. Horrek, kasu gehienetan ekarriko du preso horiek guztiek 30 urteak oso osorik beteko dituztela.

Laster irtetekoak ziren Gaztañaga eta Agirre

Horrela, Iñaki Gaztañaga arrasatearra hil honetako 29an irten behar zen. Baina irizpide horiekin espetxealdia 2018ra arte luza dakioke. Jon Agirre ere egoera horretan dago. Urrian irten behar zen Agirre, baina Auzitegi nazionaleko erabakiaren arabera, 2011ra arte egon daiteke espetxean. Jon Agirre, gainera, gaixorik dago eta hainbat ebakuntza egin diote.

Horiek aurten irteteko ziren bi preso arrasatearrak. Hala ere, Arrasateko preso gehiago daude eta askorengan izango du eragina neurri horrek. Auzitegi Nazionalak esan du neurri hori preso guztiei aplikatuko zaiela.

Baldintzapeko askatasuna dutenengan eraginik ez

Aldiz, justizia administraziotik adierazi dute baldintzapeko askatasunean daudenengan ez duela eraginik. Hori da, hain zuzen ere, Enrike Letona arrasatearraren kasua. Letonak une honetan Auzitegi Gorenean du jarrita helegitea ezarri zioten zigorraren inguruan. Horretaz gainera, hainbat epaiketa du oraindik egin barik. Horren harira, Letonak esan du ezin daitekeela jakin bere kasuarekin zer gertatuko den, azken honetan sarri dabiltzalako aldaketak egiten zigor kodearen irakurketen inguruan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.